'NAN' identitateari buruzko dantza emanaldia izango da Errenterian
Ertza Danza Teatroren eskutik, NAN emanaldia ikusteko aukera izango da, larunbatean, 20:00etan, Errenteria Hiria Kulturgunean. Ez da dantza izango oholtza gainean izango den diziplina artistiko bakarra, testua, bideoa eta zuzeneko musika —Iñar Sastre pianistarekin— ere uztartuko baititu. Bertan, nortasuna landuko dute, eta baita aberria ere, “aberriaren balio zehatza”, hain zuzen. Honako galderak planteatuko dituzte: “Zenbat balio du aberriak? Zenbat bizitza? Zenbat heriotza? Aberri guztiek berdin balio al dute? Norberak bere erara moldatu eta sortzen duen Jainko bat bezalakoa al da?”.
Dantza konpainiaren arabera, Asier Zabaleta zuzendari nahiz aktoreak “herriarekin aurrez aurre jarri eta hainbat aitorpen egiteko beharretik” sortu zuen NAN. Lurralde ikuspegitik atera da Zabaleta, eta “ohitura, sinbolo, sineskera eta jokamoldeak” ikusarazi nahi ditu lan horretan.
Sarrerak dagoeneko salgai daude Errenteria Hiria Kulturguneko leihatilan. Goizez itxita dago, eta 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik bihar eta etzi. Emanaldiaren egunean, berriz, hasi baino ordubete lehenago irekiko dute.