Martxoa euskararen hilabetea da Hendaian eta Hendaia Euskaraz ekimenaren barruan, hainbat kirol jarduera proposatu dituzte herriko elkarteek martxorako. Lehenengoa larunbat honetan bertan izango da (martxoak 2), Pleine Forme klubean. Klubeko kide batek euskaraz azalduko ditu bertan egiten diren jarduerak: muskulazio gelak ikusteko aukera egongo da, hainbat makina probatu ahal izango dira… 09:00etatik 13:00etara izango da.
Martxoaren 8rako CPIE Euskal Itsasbazterrak irteera bat prestatu du; Abbadiako eremua itsasbazterreko ibilbidetik ezagutzea edo berriz deskubritzea, “jarduera fisiko baten egiteko era atsegina, natura-eremu zoragarri horretaz gauza anitz ikasiz”. 14:00etatik 16:30era izango da jarduera hori.
Martxoaren 16an, Endaiarrak elkarteak Daniel Ugarte ezker paretara gomitatuko ditu herritarrak, Hendaia eta Hondarribiko pilota eskolen arteko lehiaketa ikustera, hain justu.
Jarduera horiek guztiak dohainik dira; dena den, Euskal Itsasbazterrak prestatuko irteerarako aldez aurretik izena ematea komeni da. Horretarako, 05.59.20.37.20 telefono zenbakira deitu behar da edo
domaine.abbadia[abildua]hendaye.com helbide elektronikora idatzi.