Jose Manuel Ferradas Errenteriako Ezkerrako zinegotzia
Atzoko udalbatzarrean baratzeen araudiak behin-behineko onespena jaso zuen, eta Errenteriako Udalbatza osoak, aho batez, egin zuen horren alde. Jose Manuel Ferradas Errenteria Ezkerrako kideak eta Ingurumen zinegotziak aurreratu zuen uztailerako (Madalenak baino lehen) prest izatea espero dutela. Gune hori Arramendin kokatuko litzateke eta 73 baratze jartzea espero dute. Orain erreklamazioak egiteko 30 eguneko epea irekiko da, eta dena espero bezala joanez gero, udalbatzarrera eramango dute berriro behin betiko onespena emateko.
Ferradasen arabera, araudia Kutxa Ekoguneak sustatuko Baratze Parkea Errenteria-Oreretan egiteko “lehen urratsa” izan da, eta hainbat arau markatzen ditu baratzeen “funtzionamendu egokia” bermatzeko: “Instalakuntzen errespetu printzipioa ezartzen da; kontserbazio eta mantenurako oinarriak; ingurumen prebentzioko gutxieneko neurriak, kontuan hartuta, baratze ekologikoak direla; eta autohornikuntza, proiektuaren xedea ez baita diru sarrerak edukitzea izango”.
Kutsadura elektromagnetikoa prebenitzeko mozioa, aurrera
Talde guztiek ere mozio bat aurkeztu zuten kutsadura elektromagnetikoa prebenitzeko, eta udalbatzak bat egin zuen Europako kontseiluaren 1815. ebazpenarekin, aho batez. Ebazpen horretan hainbat gomendio ematen dira, hala nola, telekomunikazioko antenek sortzen duten kutsadura mota hori prebenitzeko. Errenteriako Ezkerra “pozik” agertu zen, mozioarekin bat egin zutelako talde guztiek. Ferradasek beharrezkotzat jo zuen arauditik kanpo ere zuhurtziaz jokatzea, batik bat “aurrekarietan izan diren egoerak berriro ez errepikatzeko” amiantoari erreferentzia eginez.
Jose Manuel Herzog PPko zinegotziak ere gaiari heltzeko garaia dela esan zuen, geroz eta iturri elektromagnetiko gehiago egoteak herritarren artean “alarma” sortu duela iritzita, eta orain arte egindako txostenak motibazio ekonomikoak bultzatuta egin ahal izan direla pentsa dezaketela gaineratu zuen. Maite Peña EAJko zinegotziak, berriz, mozioak “ardura bai, baina alarmismoa ez” duela pizten esan zuen. PSE-EE ere udalak gomendio horiek beregain hartzearen alde azaldu zen. Azkenik, Luisma Diezek Bilduren izenean nabarmendu zuen Osasunaren Mundu Erakundeak esan arren pertsona heldu batek kutsadura elektromagnetikoarekin ez duela arazorik edukiko, ikerketa batzuek kontrakoa diotela, eta horrenbestez, hori saihesteko neurriak hartzea ez dagoela soberan.