Zuhaitz Eguna egingo dute Lezon igandean
Lezoko Irrien Lagunak, Lezo Herri Eskolak, Pasaia Lezo Lizeoak, Ekologistak taldea, natura 2000 eta Lezoko Udalak antolatuta Zuhaitz Eguna egingo dute Lezon igandean. Gurutze Santuaren plazatik abiatuko dira 9:30etan Sagar Zulo jatetxe parean dagoen lursailean 150 zuhaitz landatzeko. “Aukeratu dugun eremua, nahiko degradatua dago, obrak egin izan direlako bertan. Zuhaixken landaketarekin baso naturala eraiki, edo berreskuratu nahi dugu” azaldu du Eneko Lartige Ingurumen zinegotziak. Eremua hesituko dutela gaineratu du halaber Lartigek, “landatutakoa eta eremu bera babesteko”. Espezie autoktonoak aukeratu ditu zuhaitz landaketarako udalak, eta bigarren fase batean beste hainbeste zuhaitz landatzea aurreikusi dutela eremu horretan azaldu du lartigek.
Landaketa egiteko zuhaitzak, tresnak eta hamaiketakoa antolatzaileek eramango dituztela zehaztu dute, eta lagun nahikoa bilduko balira inguruko zaborrak biltzeko asmoa ere azaldu dute. Horretarako eskularruak etxetik eramatera deitu dituzte parte hartzaileak.
Herritar guztiak Zuhaitz Egunean parte hartzera deitu dituzte antolatzaileek, azkenik, “familian nahiz lagun artean igande goiza pasatzeko plan polita izango delako”.