PSEk dio Fanderiako presa konpontzeko baimena eman duela aldundiak
“Hilabeteak” eman dituztela esan du PSE-EEk Fanderiako presa berriro eraikitzeko proiektua eskatzen Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta erakundeak “azkenean” entregatu diela esan du, “urtarrilaren bukaera aldean”. 2011ko azaroko uholdeek kaltetu zuten presa hori, eta udal ordezkariek jakinarazi dietenaren arabera, “uda garaian” egingo dituzte konpontzeko lanak. Izan ere, aurrekontuetan partida bat bideratu zen, talde sozialistak gogorarazi duenez.
PSE-EEren arabera, uholdeek presari egindako kalteak konpontzea 185.644 euroko gastua ekarriko zutela kalkulatu zuten. 2012ko martxoan udalak eta Papresak egun dagoen hitzarmenari puntu bat gaineratu zioten, eta bertan presa konpontzeko konpromisoa hartu zuten, bakoitzak diru kopuru bera jarrita. Era berean, aldundiak 68.311 euroko laguntza bideratu zuela gogorarazi du.
Denbora horretan Fanderia auzoko bizilagunak presa konpontzeko eskatu dutela azaldu du talde sozialistak, baina obra horri esker, “gelditutako urek eragindako usain eta eltxoak segituan” desagertuko direla esan du.