Glam zinemaldiko bi film emango dituzte gaur, Errenteria-Oreretan
Glam zinemaldiak tartea izango du gaur, Errenteria-Oreretako herritarren agendan. Zinemaldiaren barruko bi film emango dituzte 19:00etatik aurrera, Errenteria Hiria Kulturgunean: Ha(r)d to Say (2012) eta Codependent Lesbian Space Alien Seeks Same (2011).
Lehenengoa Miguel Gabaldon zuzendariaren film laburra da. Bertan, bi mutilek New Yorken elkar ezagutu eta eguna batera pasako dute, zerbaitek dilema emozional batetara eramaten dituen arte.
Bigarrena, berriz, Madelein Olnek zuzendari estatubatuarrarena da. Zots planetako hiru estralurtar Lur planetara etortzean bizi dituzten gorabeherak kontatuko ditu. Hirurak Zotsetik erbesteratuko dituzte sentimendu erromantikoez libratzeko, hauek toxikoak baitira beraien planetako atmosferarentzat. Horietako bi, ordea, elkar maiteminduko dira, eta hirugarrena, berriz, lurtar batekin: Jane, liburu denda bateko langilea. Bien bitartean estatuko bi agente sekretuek Janen atzetik dabiltza espazio-ontzia topatu eta modu horretan jendeari estralurtarren presentzia ezkutatu ahal izateko. Komedia erromantikotzat jotzen da filma, eta barre algarak ziurtatuta daudela jakinarazi dute antolatzaileek.