
Joseba Irazoki rockero beratarrak joko du Hendaian
Hendaia Euskaraz euskararen hilabeteari lotuta eta Korrika Kulturalaren barruan, Eusk’Rock jaialdiaren bigarren ekitaldia antolatu dute larunbaterako Merkatu Zaharrean, 20:00etan hasita. Lanetik Egina herriko musika elkarteak eta Hendaiako AEK euskaltegiak prestatu dute, eta Herriko Etxeko Euskara zerbitzuaren laguntza jaso dute; “Tokiko eszenatokietan leku garrantzitsua duten eta beren kultura defendatzen duten artista euskaldunak entzuteko parada izanen dugu”, esan dute bertatik.
Jaialdiak bi zati izango ditu, proiekzioa eta kontzertuak. Izan ere, Fermin Muguruzaren fikziozko dokumentalaren emanaldia izango da arratsaldean, eta, gauean, dokumentalerako propio asmatutako taldeak kontzertua emango du. Zuloakekkin batera, Joseba Irazokiren bandak eta Torii taldeak joko dute larunbatean Merkatu Zaharrean.
Sarrerak 10 euroko prezioa izango du eta emanaldirako eta kontzertuetarako, bietarako balioko du. Antolatzaileek aurreratu dutenez, zer jan eta zer edan izango da aretoan.