Errenteriako oposizioak Txingudiko partzuergoari oztoporik ez jartzeko eskatu du
Errenteriako Udaleko oposizioko taldeak —EAJ, PSE-EE eta PP— bozeramaileen batzordean akordiora iritsi dira, eta bertan, Txingudiko partzuergoa Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoan sartzeari oztopo gehiago ez jartzeko eskatu diote aldundiari nahiz hondakinen partzuergoari. Azken horri ere hondakinak kudeatzeko hartuko dituen erabakiak partekatu eta adostea eskatu diote “batez ere diru kutxa publikoetan, ekonomian eta finantzetan kalte larriak eragin ditzaketenak, bereziki udaletan”. Bilduk nahiz Errenteriako Ezkerrak akordio horren kontra bozkatu dute.
Izan ere, oposizioko alderdien arabera, otsailaren 8ko bileran hondakinen partzuergoaren asanbladan onartutako akordioak “ondorio larriak” utz ditzakete “Gipuzkoako tokiko erakundeen diru kutxa publikoetan”. Gaineratu dutenez, akordio horiek “hondakinak kudeatzeko azpiegiturak finantzazio kontratu batzuk bete gabe uztea” ekarriko luke “eragin larria izango luketenak ekonomia eta finantzen alorrean, baita hondakinen partzuergoari beste zeharkako hainbat ondorio ere”.