Autoak espaloi gainean aparkatzen dituztelako kexu dira bizilagunak
Lezoko Gillermo Lazon kalean autoak espaloi gainean egunero aparkatzen dituztela eta, kexu dira bertako bizilagunak. “Hiru dei jaso ditugu guztira egoera salatzeko”, azaldu du Angel Garbizuk, Udaltzaingoaren arduradun teknikoak. Autoak bertan aparkatuta, oinezkoentzat lekurik ez dela gelditzen espaloian esan dute bizilagunek. Inguruko berdeguneak ere ez direla libratzen esan du garbizuk, “bertan ere autoa sartzen baitu hainbatek eta belarra zanpatzearekin batera, lokaztuta uzten dute guztia”. Egoerari irtenbidea eman nahian, zorrotzago ari dira lanean udaltzainak eremu horretan azken hilabetean, eta Garbizuk isun askorik jarri ez dutela aitortu badu ere, espaloi gainean aparkatzeagatik 36 euroko isuna jaso dezaketela gidariek azaldu du: “Helburua ez da isunak jartzea, espaloiak eta berdeguneak errespetaraztea baizik”.
Gidariek berdeguneetan aparketzerik izan ez dezaten, eremu horietan harri handiak jartzea aztertzen ari direla aurreratu du bestalde Garbizuk. Momentuz, atzemandako kalteen berri zerbitzuetako arduradunari jakinarazi dizkietela gaineratu du.