Aurrekontuak onartuko dituzte gaur Pasaian
Pasaiako Ezkerra eta udal gobernu taldea adostasunera iritsi dira eta horren eraginez gaurko ohiko udalbatzarrean eztabaidatuko dituzten aurrekontuak aurrera aterako dira. Xabier Pombo Pasaiako Ezkerrako zinegotziak azaldu duenez, abstentziorako konpromisoa hartu du bere taldeak. Bi oinarri ditu adostasunak: bata aurkeztutako aurrekontuen moldaketa ekonomikoari dagokiona, eta bestea adostasun politikoena. Lehenengoaren barruan zerbitzu sozialak, hezkuntza publikoa, gaztedia eta hirigintza daude.
Pomboren iritziz, adostasun horiekin udal hauteskundeetan aurkeztu zuen programa betetzen ari da, “bide horretatik jarraituko dut lanean legegintzaldi guztian”.
PSE-EEk eta EAJk osoko zuzenketak aurkeztuko dizkiete aurrekontuei, baina Pasaiako Ezkerrak eta gobernu taldeak adostutakoa kontuan hartuta, ez dute aurrera egingo zuzenketa horiek.