
Larraitz Ugarte eta Martin Garitano, atzo, azalpenak ematen
Martin Garitano ahaldun nagusiaren eta Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretarako diputatuaren arabera, “Pasaiako kanpoko kaia benetan ez da beharrezkoa”. Hori esateko ez dituzte “soilik” ekonomia arrazoiak jarri mahaiaren gainean, “beharra dagoen tokietan jarri behar dira indarrak, eta benetan behar denerako, onura soziala ongi neurtuta”. Horregatik, Pasaiako kanpoko kaia —Donostialdeko Metroa eta tren lasterra ere horretan sartu dituzte— “onura sozialik ez duten proiektuen” barruan sartu dute aldundiko bi ordezkariek, hortaz, baztertu egin dute, “eta bestelako eredu bat martxan jartzen jarraituko dugu”. Horren harira, Pasaiako badia biziberritzeko bidean elkarlanerako deia egin zieten aldundiko Bilduko kideek, “hori bai dela benetan estrategikoa, eta hori ezin da bazterrean utzi”.
“Ekonomikoki ez da bideragarria, ekologikoki izugarrizko kalteak eragingo lituzte, eta ez du onura sozialik”; horiek dira Garitanok eta Ugartek Jaizkibelen egin nahi duten azpiegitura horren kontra atzo agertu zituzten argudioak. Azaldu zutenez, beste alderdiek aurretik “ezinbestekotzat” ematen zituzten egitasmoak ziren kanpoko kaia, metroa eta AHT, “baina Pasaiako kanpoko kaia jada ez du inork aipatzen. Guretzat pozgarria da proiektu horiek ez egitea”.