Porroten joera eten du Hondarribiak, Zarautzen berdinduta
Hondarribia Futbol Elkarteko lehen taldeak berdinketa lortu zuen Zarautzen (1-1) Lurraldeko Ohorezko Mailako 23. jardunaldian eta porroten joerari amaiera eman zion horrenbestez. Aurreko hiru partidak galdu zituen Hondarribiko taldeak eta larunbateko berdinketari esker zazpigarren postuari eutsi dio eta gogo berrituarekin hasiko da heldu den asteburuko partida prestatzen.
Hondarribiak puntu bat ekarri zuen Zarauztik, baina asko sufrituta. Lehen zatian etxekoak hobeto aritu ziren eta atsedenaldirako gutxi geratzen zenean markagailua ireki zuten, Daviden gol batekin. Bigarren zatian hondarribiarrak berdinketaren golaren bila zelairatu ziren. Taldeko goleatzaile onenak, Rodrik lortu zuen berdinketa 59. minutuan. Bigarrena sartzen saiatu, saiatu ziren baina markagailua ez zen gehiago mugitu.
Datorren asteburuan Mikel Llorenterenek kanpoan jokatuko dute berriro, baina sailkapeneko beheko postuetan dagoen talde batekin, Lagun Onakekin. Azpeitiko taldeak orain arte sei partida baino ez ditu irabazi, denak sailkapeneko hamargarren postutik behera dauden taldeen kontra. Aukera ona izango dute berdeek hiru puntuak lortu eta bosgarren postuan dagoen Bergara urduri jartzeko.