Azken ostiraleko kartelada egin zuten pasa den ostiralean herrian. Bertan, gogorarazi zutenez, “preso politikoen eskubideen urraketa larriak ari dira gertatzen eta argi diogu egoera larri hauekin amaitu beharra dagoela”. 197/2006 doktrina salatu zuten, eta Ines del Rio presoaren eta doktrina hori aplikatuta duten gainontzeko presoen askatasuna aldarrikatu zuten. Era berean, martxoaren 20an izango diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuten Oiartzungo Herrira herri bilguneko kideek.
Martxoaren 20an Estrasburgon, Ines Del Rioren
auzia berraztertuko dute. Hala ere, guztira 73 preso dira kondena luzapena aplikatuta edo aplikatzeko arriskua dutenak. Egoera honekin bukatzeko, oiartzuarrek ere kalera atera behar dutela gogorarazi du herri bilguneak: “Giza eskubideak errespetatuak izan daitezen eskatu behar dugu, eta beraz, martxoaren 20an 20:00etan auzoetan elkartuko gara. Elkarretaratzearen helburua burrunbada baten bidez Europara gure deia iristaraztea izango da”.
“Presoen giza eskubideen errespetuaren alde eta Euskal Herrian konponbiderako prozesu baten alde” egingo dute, “gure herriak ez ezik, Europa osoak ere hala behar duelako”.