
Bibliotekaren eraikinean jaio zen Mugia, bere aita herriko organista zelako
Trintxerpeko Fato Daniel Castelao elkarte galiziarrak antolatuta, larunbatean omenaldia egin zioten Kontxa Murgia oiartzuarrari herrian, bera jaio zen etxean, Manuek Lekuona Udal Bibliotekan. Hogeita hamar bat lagun elkartu zen bertan, eta txistularien doinuei segika egin zuten herriko plazaren eta bibliotekaren arteko bidea. Taldea irekitzen zutenek Galiziako bandera eta ikurriña zeramatzaten, bi aberrien arteko anaitasun ikur bezala. Izan ere, hori da Fato Castelao elkartearen xedea, Galiziako kulturan sakondu Euskal Herrikoa ulertzeko bide bezala.
Asier Legorburu Oiartzungo Kultura zinegotziak ireki zuen ekitaldia. Iaz Kontxa Murgiaz mintzatu zen eta aurten bere semeaz, Manuel M. Murgia bezala sinatzen zuen historialari, hizkuntzalari eta galiziar abertzaletasunaren lehen teoriko izan zen Manuel Martinez semeaz. “Bere idatzietan azaltzen duenez, bere amarengatik ikasi zuen Galizia maitatzen, bere amak Euskal Herria nola maitatzen zuen ikusita”, esan zuen Legorburuk. Hitzaldia amaitzeko, maitasun hori agerian uzten duen
testua irakurri zuen Kultura zinegotziak, Manuel M. Murgiak gazteleraz idatzitakoa.

Estevez, Cantaren Gallegos liburua erakusten
‘Rexurdimento’-aren aitzindaria
Martinez Murgia Rosalia de Castro idazlearekin ezkondu zen eta, Legorburuk larunbatean jakinarazi zuenez, berak bultzatu zuen emaztea obrak argitaratzera. Atzo, igandez, 150 urte bete ziren Rosalia de Castroren
Cantares Gallegos lehen obra argitaratu zenetik. Xose Estevez Fato Castelaoko kideak eta Kontxa Murgiari 2000 urtetik egiten zaion omenaldiaren bultzatzailearen hitzetan, Rosalia ‘
Rexurdimento‘ mugimenduaren aitzindaria izan zen, eta horren adibide da
Cantares Gallegos liburua. “De Castro politikoki eta sozialki konprometitua” izan zela nabarmendu zuen Estevezek, “eta horregatik gaztelarren artean ez zen inoiz maitatua izan”
Bere jarduna amaitzeko, Trintxerpeko elkarteko kideak ekitaldirako espresuki idatzitako poema bat irakurri zuen, euskaraz eta galizieraz,
Aberria izenburukoa.
Hitzaldien ondoren lore sorta bat jarri zuten eraikinaren sarreran Kontxa Murgiaren omenez jarrita dagoen plakaren ondoan, eta Galiziako ereserkia abestu zuten.