Kordoban irabazi eta gero laugarren postua gertuago du Bidasoa-Irunek
Bidasoa-Irunek garaipen garrantzitsua lortu zuen larunbatean Pozoblancon (25-33), liga erregularrean play-off postuetan amaitzeko aukerak mantentzeko. Partidaren hasieran etxekoak egon ziren markagailuan aurretik, baina zortzinako berdinketa eta gero Fernando Bolearen mutilek agindu zuten lehian. Azken emaitzak adierazten duen bezala, irundarrek ez zuten zailtasunik pasa, batez ere defentsan egindako lanari esker. Bidasoa-Irunen goleatzaile onena Ugarte izan zen (9 gol sartu zituen), eta Aranburuk beste zortzi aldiz sartu zuen baloia hiru makilen artean.
Larunbateko garaipenarekin, sailkapenean Teucro aurreratu dte bidasotarrek eta aurretik zituen aurkariekin tartea murriztu, Adelmak berdindu zuen, Torrelavegak galdu eta Alcobendasek gol batengatik irabazi zuen. Gauzak horrela, Adelma laugarren dago hamazazpi punturekin, Alcobendasek eta Torrelavegak hamasei dituzte, Bidasoak hamabost eta Teucrok hamalau.
Beste koska, asteburuan
Datorren asteburuan euskal derbia izango da Artalekun, Bidasoa-Irun eta Calmec Barakaldoren artean. 15. jardunaldiaren ondoren, bizkaitarrak hamargarren postuan daude sailkapenean, 9 punturekin, Amenabar Zarautzek baino bi gehiago eta sailkapena ixten duen Errenteriako Ereintzak baino lau puntu gehiagorekin.
Kordoban lortutakoa eta gero irundarrek ezin dute hutsik egin euren zaleen aurrean. Bi puntuak poltsikoratuz gero, sailkapenean beste koska bat igotzeko aukera izan dezakete, Torrelavegak sailkapeneko hirugarrenarekin jokatuko baitu, Puente Genilekin.