Arrantzaleak berdela deskargatzen Hondarribian, iazko kanpainan
Ostiralean zen abiatzekoa berdel kanpaina, baina lehen arrantzontziak gaur atera dira, arrastekoak. Etzi ingurusareko arrantzan aritzen direnen txanda izango da. Espainiako Arrantza Ministerioarekin izan duten negoziazioa uste baino gehiago luzatu delako abiatu da beranduago kanpaina.
Ingurusareko arrantzontzi bakoitzak 6.000 kilo berdel kairatu ahal izango ditu egunero; arrasteko eran, 1.500, eta beste eratara ibiltzen direnek 2.000 kilotan izango dute muga.
Antxoa eta hegaluzearenarekin batera, berdelarena da urteko kanpaina garrantzitsuena euskal baxurako arrantzaleentzat. Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako Sailak jakinarazi duenez, berdel kopuru horiek ezartzea arrantza burutsu batekin dago lotua. Merkatuari unean uneko gehiegizko arrantza eskaintzeak bultzatzen du mugak ezartzea, baita salneurri egokiak lortzea ere.