Himalaiako iturrietatik jaisten lehenak izan dira
Eneko Yarza muturreko kaiakista hondarribitarrak Likhu Kola ibaiaren jaitsiera burutu berri du, Himalaian, Fermin Perez Larrea eta Txomin abadia nafarrekin batera. Lehen aldia da norbaitek ibai hori goitik behera nabigatzen duela. 5. mailako ibaia da, maila gorenekoa nazioarteko sailkapenean.
Nepalgo iba emaritsuetakoa da Likhu Kola eta Everest mendilerroaren oinean jaiotzen da; hala, Cho Oyu, Makalu eta Everest mendietako urak jasotzen ditu eta 2.200 metroko altueran jaiotzen da. Jaiotzatik bertatik egin zuten bidaia Yarzak eta abentura kideek. Bidean orain arte zeharkatu gabeko arroilak zeharkatu dituzte.
Lau egun behar izan zituzten jaitsiera egiteko, egunero sei orduz nabigatzen. Baina uretan sartu aurretik hiru eguneko trabesia egin behar izan zuten oinez, haien ekipoa bizkarran zeramatelarik, 40 kilo bakoitzak. Euskal Herrira itzultzerakoan onartu dutenez, ez zuten espero Likhu Kolaren iturrira iritsi zirenean aurkitu zutena: “Hain harri handiak aurkitzeak harritu gintuen, izugarrizko arrokak ziren, abalantxen ondorioz ibaian zehar sakabanatuta zeudenak. Zuhaitz asko ere zeuden, baina garrantzitsuena zera zen, ibaiak nabigatzeko moduko ur emaria izatea, eta bazuen. Hortaz, saiatzea erabaki genuen, eta behin hasita ezin genuen atzera egin”.
Lau eguneko jarduna eta gero euren emaitza lortu zuten hiru abenturazaleek, Sun Kosi ibaira iristea. “Gure helburua Himalayaren iturriak bilatzea izan da, ur bizietako kaiakaren mugetaraino joaz eta zortzimilakoetatik gertu jaisten diren ur uherretan nabigatzen saiatuz”, adierazi zuten abentura bukatu eta gero.