Arantxa Urbe: "Ibaiari bidea aldatu genionekoa"
Aterpe bila ibiliko ziren haiek ere, akaso, gure moduan, egun euritsu horietan. Izan ere, 2013ko urte hau hasi denetik, zopa-zopa eginda gabiltza: ura goian-behean, bazter guztietan!
Urtarrileko eta otsaileko egun horietan naturak bere haserre guztia erakutsi nahi zigula zirudien, oldarkor: euri-jasak, trumoiak, tximistak, kazkabarra, haizeteak, ikaratzeko moduko olatuak… egunetan, etengabe. Natura amorruaren amorruz ari zela zirudien. Eraso horien guztien lekuko, zakarrontzietan eta kale bazterretan egun horietan agertu diren aterki pila.
Begi batekin errekei eta bestearekin pendizetik behera etortzeko zorian zeuden luiziei begira egon gara, naturak eman digun astinduari ahal bezala eutsiz. Oiartzun ibaiaren arrora isuri dira inguruko mendietako ur guztiak. Ur-emaria gora eta gora ikusi dugu, ibaia bere bidean kabitu ezinik.
Ibaia guk egin genion bidetik dabil 1846tik; orduan, puska kendu baikenion errepidearen trazaketa egiteko. Ondoren, 1864ean, trenbiderako lekua behar zela eta, are gehiago estutu genion bidea. Erdi itota utzi genuen trenbidearen eta errepidearen artean. Ez zitzaigun doan atera, ordea: uholdeak gero eta maizago gertatzen hasi ziren, eta ondorio larriak sortu zituzten: heriotzak eta kalte materialak sekulakoak izan ziren. 1933ko uholdeetan, hildakoak utzi zituen hartan, Biteri kalean urek 3,65 metroko altuera hartu zuten. Beste batean, urak metro batez gainditu zituen Madalen kaleko etxeetako lehenengo solairuak. Herriko kaleetan urak tranbiak eta kamioiak irauli zituen. Gaztaño eta Pekin errekek ere indarrez isurtzen zuten herriko kaleetara, ibaiaratzeko behar zuten padura sikatu baikenien.
Ez zen txantxetakoa uholdeek eragiten zuten egoera, larri ibili ziren behin baino gehiagotan: esaterako, bere bidetik irtendako Pekin erreka Lanera lantegian artilea garbitzeko eta koloreztatzeko erabiltzen zen azido biltegia aurretik eramateko zorian egon zenean. Marea bizietan, Iztietako ibarrean zegoen altzari lantegi bateko enborrak ur gainean geratzen ziren neska-mutilen jolaserako, eta ermitatik Aralar plaza bitarteko lurrak urpean: zer nolako ur-festa arriskutsua!
Gose urteak ziren, gainera. Horregatik, lurretik gertu zeuden gauzak gorago altxa behar izaten zituzten. Mendiola jatetxean zerrikumea etxeko baineran gordetzen zuten uretatik libratzeko.
Pentsatzekoa da herritarren haserrea zenbaterainokoa izango zen… Urteetan bete ez ziren hitz-emate ugarien ondoren, 1943an ibaiari bide berri bat eraikitzen hasi ziren. Ibaiak meandro handi bat osatzen zuen egun Papelerako etxe gorriak dauden lekuan. Hura lehortu eta gaur duen bide zuzen-zuzena egin zioten. Inguruan zuen zumardi ederra gaurko Gamon zumardira mugatuta geratu zen.
Lan horiek, 1936ko gerran preso hartu zituzten jendeek egin zituzten, Jaizkibelgo eta Aritxulegiko bidea egin zuten gisara: merke-merke, hortaz. Langile batailoi horretako pertsonak, esklaboak, Frankistek lapurtutako Yute lantegiko pabilioietan bizi ziren.
Urek bere bidea egiten jarraitzen dute, eta etorriko dira bere onera. Arrainak, Santa Klara zubi azpikoak, gu bezain beste poztuko ote ziren eguzkia ikusteaz!