Udal Gobernuaren "ultraliberalismoa" salatu du Irungo Bilduk
Astelehenean 2013ko udal aurrekontuak onartu zituen Irungo udalbatzak, PSE-EE eta PPren bozkekin eta EAJren abstentzioarekin. Ezker Batuak eta Bilduk osoko zuzenketak aurkeztu zituzten, baina ez zuten aurrera egin beste hiru alderdiek kontra bozkatu zutelako. Bilduren ustez, onartutako aurrekontua “eskasa” da eta “agortuta dagoen eredu batean oinarrituta” dago.
Bilduk aurkeztutako osoko zuzenketan Irun “udal aberatsa duen hiri pobrea” dela diote: “kudeaketa arazoak dituzten bi kiroldegi besterik ez duen hiria, kultur azpiegitura eskasia duena, kultur etxerik gabea”. Modu berean, Bidasoaren estuarioa “berreskuratzeko altxor ekologikoa” dela nabarmendu du Bilduk eta gogor kritikatu dute udal aurrekontuetan “urteak joan eta urteak etorri” padurak berreskuratzeko partidarik ez egotea. Hala, udal gobernuak ingurumen politikarik ez duela diote, eta “adibide onena zera da, naturgunearen erdi-erdian kirol azpiegitura bat landatu zutela eta ez direla gai Plaiaunditik Zubietara eramateko. Irungo haurrek urtero zuhaitz bat aldatzea, hori nahikoa da udalarentzat”.
Aste honetan onartutako aurrekontuak bi milioi euro jasotzen ditu zorra boluntarioki amortizatzeko xedea duen partida batean eta hori beste zeregin batzuetan gastatu behar dela uste dute Bildukoek: “Udalak enplegua sortzeko ardura hartu behar du, eta horrek esan nahi du zuzeneko enplegua sortu behar duela. Ez dauka zentzurik, bi milioi euro bideratzea banketxeekin dugun zorraren interesak kitatzeko, Irunek duen zorra ez denean inola ere ez itogarria, tokiko ekonomia eta enplegua sustatzeari uko egiten zaion bitartean. Bankari dirua itzultzea zorra arazoa ez denean, Irungo gobernu sozialista praktikatzen duen ultraliberalismoan oinarria ez duen edozein oinarri ekonomikoaren kontrakoa da”.
Beste herrialde batzuetan ekonomia berpizteko planen oinarria “zorra handitzean” datzala eta Irunen “hori ezinezkoa omen dela” gehitzen du Bilduk eta azpikontratazioekin bukatzeko eskatzen diote udalari.