Independentziak, eguneroko eztabaida politikoan lekua hartu du azken urteetan Txutxi Ariznabarreta Independentista Sareko kidearen esanetan eta “abstrakziotik errealitatera” urratsak eman ditu. Katalunian esploratzen ari diren bidetik ekarpenak jaso beharra nabarmendu du, eta 2014. urtera begira jarri da. “Erabakitze eskubidearen erabilera praktikoa” egingo du orduan Eskoziak.
Txutxi Ariznabarreta. (Arg.: Hamaika TB)
Independentziaren aldeko aldarria ez da berria Euskal Herrian, baina egun agenda politikoen erdigunean kokatu da gaia. Zein da egungo egoeraz egiten duzun irakurketa?
Nire ustez eman den pausurik garrantzitsuena da independentzia esparru utopiko edo abstraktutik errealitatera eta eguneroko eztabaida politiko errealera pasa dela. Independentista saretik beti beharrezko urrats gisa ikusi dugu hori, eta uste dugu azken urte hauetan urrats handiak eman direla esparru horretan ez bakarrik guk egin dugun lanaren ondorioz, baita kanpotik etorritako esperientziengatik ere. Joan den mendean, independentismoaren aurkako ideia batzuk oso barneratuta zeuden euskal gizartean, baita euskal abertzaleen artean ere: Euskal Herria moduko herri txikiak ez zuela garai haietan estatu bihurtzeko aukerarik, merkatua behar zuela biziraupen ekonomikorako… Guzti hori hankaz gora jarri da orain, XXI. Mendean. Ikusi da globalizatutako ekonomian, estatu eta merkatu horiek agortuta daudela eta beste merkatu zabalago batetik hartu behar direla aukerak. Mundua estatu bidez antolatua dago XXI. mendean, baita Europan ere. Herri txikiek baldintza ekonomiko hobeagoak dituzte gainera, Europan bertan 16 estatu daude gu baino txikiagoak direnak edo biztanle gutxiago dituztenak. Aurreko guztiarekin batera Eskoziako prozesua dugu. Horrek ere hankaz gora jarri du independentziaren kontrako diskurtsoa eta erakutsi du Europan ere posible dela. Katalunian eman diren pausuak ere hor daude, esplorazio lana egiten ari dira eta guretzat interesgarria da, beste batzuk esploratzen dutenetik, guk ere atera dezakegulako ekarpenik. Aipatutako horiek guztiek, indartu egin dute independentziaren aldeko aukera hori eta orain dela urte gutxi arte ezinezko utopikoa bezala ikusten zen independentzia, orain posible eta aukera erreal gisa ikusten da. Prozesua ez da erraza izango, lan handia egin behar da, bideak urratu.
Ekonomia eta independentzia agertoki batean Euskal Herriak bizirauteko izango dituen zailtasunak behin eta berriz errepikatzen dituzte aukera horren aurka daudenak…
Errepikatzen dute baino ez da egia.Krisi ekonomiko larria dugu gaur egun. Planteatzen ari gara nola irten krisitik, baina mahai gainean ez dira jartzen etorkizunari begirako estrategiak. Ikusirik Espainiako Estatua bereziki nora doan, zein egoeran dagoen eta zenbakiak eginda, oso garesti irteten zaigu guri Espainiako Estatuaren menpe egotea. Kupoa dela, estatuaren zorpetzea dela, Gizarte Asegurantza dela… horiek guztiek izugarrizko eragina dute gugan. Kutxa bakar horretara 2000tik 2009ra bitartean 12.500 miloi euro sartu ditugu. Zuzen zuzenean Euskal herrian ordaintzen diren diruak dira horiek. Guzti horrekin ikusten dugu independentziarena, aukera erreala dela. Arazoa Espainia da, Euskal Herriarentzat agertoki hori ez litzateke problematikoa izango, eta hori erakusle da barne produktu gordin mailan Europako lurralde edo eskualde aberatsenen ratioan egotea eta baita produktibitate mailan ere.
Erabakitze eskubidea lortu behar da lehenengo. Zein dira zehatz-mehatz jarraitu beharreko urratsak independentzia agertoki horretara heltzeko?
Erabakitzeko eskubidera heltzeko joko demokratikoaren bitartez egin behar dugula argi dugu eta horretarako gehiengo independentista lortu behar dugu. Gehiengo independentistak metatzea ez da gehiengo abertzaleak metatzea, independentismoak abertzaletasunak baino askoz dimentsio handiagoa hartu behar du. Independentzia beraz, ezin da abertzaleentzako etorkizunera begirako irtenbide bezala planteatu, herri oso batentzako irteera bezala baizik. Euskal Herri osoarentzat eta euskal herritar ororentzat aukera izan behar du independentziak. Sortu behar den estatu horretan nola orekatzen duzun guzti hori erabaki behar da eta baita identitate nazionalak pluralak diren estatu bat nola sortzen duzun ere. Estatuarekin pultsu gogorra dago. Urratsei dagokienean, prozesuaren arlo militarra gainditu beharko litzateke lehenik, desmilitarizazioa azken batean, beste agertokira pasa ahal izateko, eta erabakitze eskubidea klabea da zentzu horretan. Bidea luzea da, oinarri demokratikoetaz hitz egiten ari gara eta teorian behintzat gehiengo oso zabalak metatu beharko lirateke horren inguruan, abertzale izan ez izan, edo independentista izan ez izan. 2014 urtea erreferentea izango da maila horretan, erabakitze eskubidearen erabilpena praktikoa egingo delako Eskozian. Emaitza dena delakoa ere, guretzat oso inportantea da edozein herrik kanpo injerentziarik gabe bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea daukala erakutsiko delako. Ezin dugu planteatu erabakitze eskubideaz hitz egingo dugula lehenengo eta gero independentziaz, elkar lotuta daude, bakoitzak bere bidea dauka, eta tartean, izugarrizko borroka ideologikoan sartuta gaude. Unionisten ikuspuntutik edo Espainiako nazionalismotik, erabakitzeko eskubideari oztopoa jartzeaz harago, independentzia suntsipena dela esango dute, XIX. Mendeko ongi izate egoerara itzuliko litzatekeela Euskal Herria… Independentziaren gaineko eztabaidan ari gara zuzen zuzenean, hor jokatu behar dugu, eta lana egin behar dugu. Ideien hegemonia dago gainera. Ematen du euskal elementua daukan guztia zerbait partikularra dela, hizkuntza beretik hasita, eta besteena dela unibertsala, guztientzat balio duena, eta hor dago pultsua. Maila horretara heldu behar dugu, gure planteamendu eta ideien hegemonizazioa lortu behar dugu, eta esan partikularra zuek planteatzen duzuena da, gu eskubide unibertsal demokratikoez ari gara, eta Euskal herrian guztientzako espazio unibertsalak sortzen ari gara.
Une honetan erabakitze prozesu batek zein erantzun jasoko luke Euskal Herrian?
Une honetan nire ustez oraindik jendea, herritarrak lerrotzen dira sigla zehatzen planteamenduen arabera, eta sigla zehatzek dauzkaten bere interesei begirako jarrera eta joeren arabera. Euskal Herrian egia esan gizarte osoa nahikoa lerrokatuta dago, eta zentzu horretan ez dago halako zeharkako espazio askerik. Hori oso erabakigarria da, eta nire ustez erreferendum eta kontsulta datak jartzen hasi aurretik lan sakona egin behar dugu. Guk independentzia behar dugu eta gainera premiazkoa da, baina premiazkoa izatea ez du esan nahi presaka eta gauzak edozein modutan egitea. Erabakitzeko eskubidearen aldeko lan sozial handia egin behar dugu, gehiengo oso zabalek onartzea lortu behar dugu, eta gero hasiko ginateke jokatzen, bakoitzak bere interesak defenditzeko.
Zergatik eta zertarako independentzia?
Aurpegi asko ditu independentziak eta Erromara moduan, bide askotatik heldu daiteke bakoitza independentziara. Mundu abertzaletik begiratuta, euskaraz bizitzeko adibidez. Munduan edozein herrik eta edozein pertsonak dauka bere bizitza osotasunean bere hizkuntzan bizitzeko eskubidea. Baita ere bere kultura garatzeko eta ekarpen hori egiteko munduan. Horiek elementu identitarioak eta sentimenduak dira. Norbere euskaltasuna, zu euskalduna zara eta ez besterik eta beste horren inposizioa zuretzat da iraingarria da, eta gainera bortitza, inposizioa den aldetik. Hori gaindituta eta bere egoera naturalera eramateko logikoa da herri batek nazioa den heinean, bere estatua izatea. Horretaz gain planteamendu objektibo eta unibertsalagoak daude. Independentzia behar dugu Euskal Herriak bere presentzia munduan izateko, Euskal Herri moduan azaltzeko eta hobeto bizitzeko. Ongizatea lortzeko, Euskal Herriak baditu behar beste tresnak aberastasuna sortzeko, eta aberastasun hori ongi banatuz gero, Euskal Herriak duen biztanleria kontutan hartuta askoz errazagoa da halako gizarte kohesioak lortzea, bermatzea ongizate horren unibertsaltasuna eta aberastasunen banaketa bidezkoa. Independentista Saretik konbentzituta gaude Europako eskualde aurreratuenen maila berean izango ginatekeela independentziarekin arlo ekonomikoa eta sozialari dagokionean. Hala ere, jende askok pentsatuko du horrela izan gabe ere independentzia nahi duela, zoriontsuagoa izango delako Euskal Herri independente batean. Bertan izango ditu bere instituzioak askoz ere hurbilago Herriaren parte hartzea ere kontuan hartu behar da, demokrazia parte hartzaileaz ari gara hain zuzen ere eta Europan bertan ikusi daiteke zenbat eta biztanleri txikiagoa, orduan eta eraginkorragoa sentitzen dutela euren parte hartzea, askoz ere zuzenagoa dela, erakundeak hurbilago daudela eta baduela gaitasuna bere iritzien arabera eragiteko. Guzti horretan ere eragingo luke independentziak, eta aurrerapauso oso inportantea izango litzateke.
Euskal Herria hiru zatitan banatuta dago politikoki eta administratiboki. Independentzia prozesua zailduko luke horrek?
Gure kasuan izugarrizko arazoa da subjektua osatzeko garaian gaur egun dugu zatiketa politiko administratibo hori. Katalunian ikusten dugu, era teorikoan hitz egiten dutenean Herrialde Katalanez hitz egiten dute, baino arlo praktikora pasa direnean Kataluniara mugatu dira. Horren gaineko eztabaida handia dute Katalunian, Valentzia oso zaila ikusten dutelako. Bestalde ezin dutela hura mugitzeko, Valentzia hain zuzen ere, zain egon azaldu dute. Guk ere gure mailan guzti hori badaukagu eta heldu beharko diogu baina Independentista Saretik ikusten dugu aurrera egin behar dela lurralde osoan. Zatiketa errealitate bat dela ezin da ukatu eta zatiketa horrek une batzuetan eragina izango du. Horren aurrean alderdien artean estrategia komunak egin beharko dira erabakitzeko zein bide jarraitu. Niri pertsonalki ez zait herrialdeetaz hitz egitea gustatzen. Euskal Herrian Nafarroa da batzuentzat gure Valentzia. Nire ustez gure Valentzia agian, Bilbo metropolia izan daiteke. Euskal Herriaren biztanleriaren heren bat biltzen da bertan. Gainera, hiru Bizkaia daude gutxienez: euskararen Bizkaia, orain euskalduntzen ari dena eta euskara gabeko Bizkaia izan dena eta Bilbo metropolia. Aztertzen hasten bagara badaukate herrialde batek izan dezaken pisua. Alderdi zehatzek zein estrategia duten eta zein bide markatzen duten da kontua, izugarrizko gora beherak eta pultsuak izango dira, baina Euskal Herriak osorik, lurralde osoak batera egin beharko du aurrera. Herritarrek independentzia eguneroko bizitzari erabat lotuta dagoela ulertzea nahi dugu Independentista Sareko kideok, eguneroko kontuekin lotura duela alegia, eta horiei irtenbidea eman nahi diegula. Horren harira martxoaren 31n Iruñean deitu dugun Aberri Egunean egoera sozioekonomikoa eta etorkizuna izango dira ardatzak.