Eskoziara begiratzean “inbidia sanoa” duela aitortu du Txente Rekondo nazioarteko politika aztertzaileak, batik bat prozesu negoziatzaile bat martxan dagoelako.
Txente Rekondo (Arg.: Euskadiasia)
Zein mezu nabarmenduko duzu hitzaldian?
Hasteko, autodeterminazio eskubidea edo erabakitzeko eskubidearen inguruan azken hamarkada hauetan aldaketa nabariak egon direla. Ikusten da argi eta garbi prozesu desberdinak topatzen ditugula eta ez bakarrik deskolonizazio prozesuak; hau da, Europan bertan ere Sobietar Batasuna desagertu zenetik gaur arte errealitate desberdinak eman dira eta estatu berriak sortu dira. Orduan alde batetik nabarmendu behar da autodeterminazio eskubidea, erabakitzeko eskubidea gauza demokratikoa dela, ez da mugiezina den gauza bat, hainbat teoria sortzen ari dira eta ikusten dugu nazio batek ez badu estatu propiorik bere etorkizuna lotuta dago estatu horrekiko. Nola edo ahala estatu bat lortu behar da beste aktoreekin bat egiteko munduan zehar bestela ez duzu inoiz zure ahotsa era berean kokatuko munduan.
Aipatu duzu errealitate desberdinak eman direla, baina zertan dira antzeko Eskozia eta Euskal Herria? Konparagarriak al dira?
Beti errealitateak desberdinak dira, baina parekotasuna gero eta gehiago topatzen dugu. Bai han eta bai hemen bi nazio topatzen ditugu, nazio subjektu bezala ez dauka aukerarik momentu honetan irtenbide demokratiko baten bitartez estatu bilakatzea. Baina han zein hemen erabakitzeko eskubidea gakoa dela ikusten dugu etorkizunean ibilbide propio jokatzeko.
Eskoziara begiratzen dugunean inbidia sanoa dugu, han behintzat erreferendumerako data jarrita dute. Inbidia topatzen dugu ekitaldi horri dagokionez eta baita Londrestik jasotako erantzunari dagokionez ere. Historikoki Britainia Handian eman diren gobernu desberdinek, kontserbadoreak nahiz laboristak, nahiko jarrera argia mantendu dute. Haiek esaten dute ideologia unionista baten barruan kokatzen dutela euren burua, ez dute bat egiten independentzia prozesu horrekin, baina era berean esaten dute demokratikoki ematen baldin bada erreferendum baten bitartez gehiengo batek irtenbide independentista eta soberanista bat bultzatzen duela, Londrestik ezin direla oztopoak jarri. Gainera, bide orri bat adosten dute negoziaketak martxan jartzeko baiezkoa ateratzen bada. Hori hemen eta estatu frantsesean ikusten da defizit demokratiko izugarria dagoela.
2014ko udazkenean izango da galdeketa, baina galderak berak zeresana eman du.
Bai, han prozesu negoziatzaile bat topatzen dugu erreferendumaren inguruan. Hasteko zen galdera bera, galderak izan behar duela argia, garbia… Hasieran Eskoziatik bultzatzen zuten hiru erantzun aukera: gaur egungo estatus quoa, autonomia gehiago eta independentzia. Londrestik negoziaketetan horri ezezkoa eman zioten, galdera bakarra izan behar zuela, galdera zehatza. Eskoziarrek amore eman dute, baina era berean Eskoziak prozesu guztia kontrolatzea lortu du: erreferendum guztia Eskoziako agintarien esku egongo da, 16 urtetik gorakoek aukera izango dute bozkatzeko, Eskoziakoak izan nahiz Eskozian bizi, eta kudeaketa beraien esku egongo da. Data ere lortu dute; izan ere, eskoziarrek nahi zuten 2014ko urri inguruko data hori historikoki urteurren bat emango delako data horietan, sinbolikoki data hori oso garrantzitsua da eta negoziaketen bidez hori lortu egin dute.
Askok eta asko esaten zuten garai batean estatuaren momentua pasata zegoela, baina krisi ekonomiko honekin ikusi dugu estatuaren papera garrantzitsua izan dela”
Eskoziako eredua zertan izango da lagungarri Euskal Herriarentzat?
Hasteko erreferendum bitartez irtenbide demokratiko bat bilatzen dugula. Nik uste Hagako Auzitegian ematen diren iritzi publikoek nabarmentzen dute herriaren borondateak duela lehentasuna. Mundu globalizatu batez hitz egiten dugunean ikusten da estatuaren boterea gero eta nabariagoa dela. Askok eta asko esaten zuten garai batean estatuaren momentua pasata zegoela, baina krisi ekonomiko honekin ikusi dugu estatuaren papera garrantzitsua izan dela
. Nik esango nuke lehen lerroan estatua egon dela kokatuta, diru laguntzak direla etabar. Globalizazio eta teoria horien guztien inguruan errealitate txikiak, kasu honetan Eskozia eta Euskal Herria, oso bideragarriak dira. Eskoziaren kasuan topatzen dugu energetikoki, energia berrien eta petrolio aldetik sekulako gaitasuna dute.
Menpekotasun batean lotuta baldin bazaude beste errealitate handi batekin, zure defizit fiskala topatzen duzu. Ekonomikoki galdu egiten duzu. Batzuek esango digute ez ditugula Eskozian bezala iturri energetikoak, baina bestelako gauza garrantzitsuak baditugu. Suedian, esaterako, ez dago horrelako iturririk, Nigerian, ordea, asko; baina zein eredu nahi dugu? Suediakoa ala Nigeriakoa? Berez irtenbideak badaude, ekonomikoki hemen eta Eskozian aukera badaude eta nik esango nuke bai han, bai hemen eta bai Katalunian, estatu gabeko nazioetan, gaur egun independentzia posible dela, beharrezkoa dela, premiazko gauza bat dela. Ematen baldin bada independentzia prozesu demokratiko baten ondorioz izango da. Horrelako prozesuak gizarte mailan gauza onak ekarriko ditu, zerbitzu sozialen aldetik, esaterako; egunerokotasunean inongo menpekotasunik gabe gure etorkizuna eta gure gizartea osatzea guk nahi dugun bezala ekarriko du.
(hurrengo orrian jarraitzen du)
Independentziaren aurkakoek, batik bat, nabarmentzen dute independentziak Europako Batasunetik kanpo geratzea ekarriko lukeela. Eskoziako Gobernuak, ordea, bere bide orrian zehazten du Europako Batasunean (EB) jarraituko duela.
Presio izugarriak daude Europa mailan, batez ere Espainiako estatutik. Pisuzko irakurketa juridikoak badaude, esanez Eskoziako hiritarrak Europako Batasunakoak baldin badira, Euskal Herrikoak bezala, eta baldin baditugu eskubide batzuk, nola da posible gure estatus politikoa aldatuz gero eskubide horiek galtzea, toki berean kokatzen bagara? Europatik batzuek esaten dute baietz, Europako Batasunetik kanpo geratuko litzatekeela independentzia lortu duen herrialdea, baina hizki txikietan aipatzen dute itxurak egitea izango litzatekeela EBn sartzeko. Beste teoria oso kuriosoak ere badaude. Eskozia edota Euskal Herria sortzen bada estatu propio bezala, jatorrizko estatua aldatu egiten da, hau da, ez Britainia Handia ez Espainiako estatua ez dira izango garai bateko estatuak; berez estatu horiek aldatu egin direnez, agian prozedura bera egin beharko lukete. Interpretazio asko daude. Monetaren inguruan ere zeresanak daude. Eskozia momentu honetan libera esterlinaren pean dago. Londresek esaten badu ezetz presio modu bezala, eskoziarrek euroa jorratzeko aukera izango lukete, edo ezin dugu ahaztu libera eskozesa existitzen dela, era formal batean bada ere. Europara begiratzen badugu, gauza bat da Europako Batasuna eta bestea Eurozona. Batzuek EBn kokatuta egon arren, ez dute moneta bezala euroa.
Nola ikusten duzu Eskoziako gizartea?
Momentu honetan inkesten arabera oraindik lan dezente egin behar dute eskoziarrek. Nik uste hango agintariek epe laburrean ez zutela nahi erreferendum hain zuzena, nahiago zuten aipatutako hiru erantzun mota. Jakinda horrekin unionionisten inguruan eta autonomisten inguruan boto banaketa oso lagungarria izango zela independentistentzat. Orain ikusi behar da zer nolako presioak, data etortzen denean presio ekonomikoa izugarria izango da, kanpaina mediatiko oso bortitza egongo da… Nahiz eta ezezkoa atera behintzat prozesu demokratikoa eman eta egin da eta hori garrantzitsua da.
Zuk zein inpresio duzu, Eskozia independente bat ikusiko dugu?
Momentu honetan aukera dagoela ikusten du, hala ere bi urte. Nik uste hemendik epe ertain batera, ez dut esango epe motzera, Europa zeharo aldatuko da, estatu berriak topatuko ditugu. Seguruenik prozesu bakoitza desberdina izango dela, parekotasunak topatuko ditugu, baina bakoitza bere erritmoan joango da.