Kataluniako El Punt egunkariko zuzendari ondokoa da Ferran Espada (Tarragona, 1968). Herrialde Katalanen gaineko subiranotasun prozesuaren gaineko gogoeta egiterakoan, katalanak Espainiarekin “hainbat arrazoigatik” aspertuta daudela esan du, eta ez du termino ekonomikoetara soilik mugatu hausnarketa hori.
Ferran Espada
Zein egoeran dago egun Herrialde Katalanen independentzia prozesua?
Herrialde Katalanak dira nire gogoeta eremua, baina ni batez ere Principat-ean (Kataluniako lau probintziak) zentratuko naiz. Helburua Kataluniako herritarrei galdeketa egitea da ea estatu propioa nahi duten jakiteko. Helburu horretara iristeko prozesu batean gaude, herri izaerako prozesua da, eta oso zeharkakoa arlo politikoan, eta gainera babes oso-oso handia du. Kataluniako gizartea ziur dago prozesu hori egin nahi duela, Espainiako Estatuarekin borroka demokratikoa eginez, eta estatuak jar ditzakeen hesiei aurre egiteko gogoz. Egutegi bat dago ezarrita, eta 2013an, esaterako, galdeketa horretarako oinarriak ezarriko dira, eta asmoa da galdeketa hori 2014an egitea.
Nola iritsiko da Katalunia galdeketa egoerara?
Azken urteetan subiranotasunaren aldeko mugimendu sismikoa gertatu da Kataluniako gizartean. Gizartearen gehiengoa subiranotasunaren alde dago, nahiz eta Francoren diktaduraren ondotik eta trantsizioan zehar mugimendu hori gutxiengo zen. Mugimendu subiranista horrek bertako alderdi politiko guztietan izaten ari da eragina, eta euren egiturak eta ideologia esparruak mugimendu horretara egokitu behar izan dituzte. Herri mobilizazioak horren giltzarri izan dira, eta izango dira; baina erakunde alorrean ere urratsak egingo dira.
Subiranotasunaren aldeko mugimendu hori zergatik eman da?
Europako nahiz Kataluniako hainbat erakunderen ikerketen arabera, 1990eko hamarkadaren bukaeran kokatzen dute mugimendu horren suspertzea. Espainiako Estatuaren eta Kataluniaren arteko harremanak nola doazen ikusita, gizartea etsi egiten da, aspertzen da. Kataluniako burgesiaren egitasmoa, hau da, Espainiako Estatuako partaide izatea, baina estatuko nazioen nortasuna errespetatuz, agortu egiten da. Horren arrazoiak dira katalanari egiten zaizkion eraso bortitzak, batez ere Valentzian eta Balearretan; garraio nahiz bestelako oinarrizko azpiegituretan inbertsio eza estatuaren aldetik beste erkidego batzuetan dirutza inbertitu den bitartean; eta bidegabekeria politikoak ere badaude. Finantza alorrean ere kontaezinak dira Espainiako Estatuak Kataluniari egin dizkion irainak.
Bidegabekeria politiko horiek Estatut-arekin dute harremana?
2006an onartu zen Estatut-a. Nahiz eta independentzia zaleen gogoeten arabera Estatut-a nahikoa ez izan, erdibideko zerbait izan zitekeela onartu zuten independentzia zaleek. Galdeketa bidez onartu egin zuten herritarrek Estatut-a, baina Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Estatut-a bertan behera utzi zuenean gizartearen sektore gehienetan haserrea sortu zuen. 2010eko uztailean izan zen hori, eta Katalunian mobilizazio erraldoiak egin ziren erabaki horren kontra. Hau da, Kataluniako biztanleen erabaki politikoaren kontrakoa erasoa izan zen Madrildik iritsi zena. Estatut-ak ez zituen subiranotasunaren aldekoak asebetetzen, baina erdibideko alternatiba bezala onartu zutenez, aro politiko berri bat sortu zuen ukazio horrek. Hau da, estatutuaren zaleek ere Espainiako Estatuarekin hausteko arrazoiak pilatu zituzten, horregatik subiranotasunaren aldeko mugimendu kritikoak inoiz baino indar handiagoa du egun. 2011ko irailaren 11n mugimendu sismiko horren agerraldi publikoa egin zen Bartzelonako manifestazio historikoan.
Krisiak eragina izan al du Espainiako Estatuaren kontrako jarreran?
Pentsamendu autonomistak izatetik, independentzia asmoak izatera pasatzeko arrazoi nagusia ez da krisiak eragina izan, baina bai izan da edalontzia gainezka egin duen gaia. Nabarmendu behar dut subiranotasunaren alde dagoen gehiengo horren asmoa irmoa dela, ez duela atzera buletarik, eta PSCko hainbat kide, esaterako, subiranotasunaren aldeko bidean hasi direla.
Entzuketek edo ustelkeria kasuek, nazio eraikuntzaren eztabaida agenda politikoaren erdigunetik kendu al dute?
Medioen agendan bai izan duela horrek eragina, baina ez gizartean. Inkesta guztiek diote independentziaren aldeko alderdiek gorakada nabarmena izan dutela, PSC desegiten ari dela, eta prozesuak ez duela etenik. 2014ra begirako egutegi zehatz-mehatz betetzen ari da, eta ez da geldituko, egoera dena dela ere. Ustelkeriaren gaia garrantzitsua da, eta gure prozesua ustelkeriaren kontrako botika antzekoa da, Kataluniako prozesua ustelkeriarik gabe egingo da, eta estatu berria sortzea ustelkeriarekin bukatzeko tresna izan daitekeela ziur dago jendea. Izan ere, ustelkeria kasuak Kataluniako alderdiek Espainiakoekin izan dituzten akordioen edo azpijokoen ondorio izan dira, eta horren erakusle da Balearretako nahiz Valentziako kasuetan PP izan dela protagonista nagusia.