Axun Erzibengoa ('Egunkaria'-ko kazetari ohia): "Hamar urte"
Gaur hamar urte telefono dei batek esnatu ninduen goizeko 06:00ak pasata.
– Guardia Zibila Egunkaria-n sartu dela esan dute irratian!
– Zer? Zer esaten ari zara?
– Guardia Zibila Andoainen dagoela. Eta atxilotuak daude, Martxelo eta beste batzuk.
– Martxelo? Beste batzuk? Ze beste?
– Ez dakit, ez naiz izenekin geratu baina Guardia Zibila oraindik han dagoela esan dute.
Jaiki eta irratia piztu nuen. Hala zioten, bai. Ez nuen erreakzionatu… ohera sartu nintzen berriro. Geroztik, askotan pentsatu izan dut nire erreakzioaren edo erreakzio ezaren arrazoian, baina oraindik ez dut topatu: beldurrak jota, erabateko noraezaren ondorio, panikoa, auskalo! Bakarrik nengoen etxean. Bakarrik, nire sei hilabeteko triparekin. Minutu batean burutik pasa zitzaizkidan astakeriak kontaezinak dira: bezperan, gaueko 22:45ean alde egin nuen erredakziotik. Nik ez nuen ezer arrarorik somatu, baina ordurako inguruan omen zebiltzan. Askotan bezala, saileko titular nagusia, baita lehen orrikoa ere, atxiloketak eta miaketak ziren. A zer paradoxa!! Ai ama! Ni politikako arduradun, Martxelo eraman badute, edonor eraman dezakete!! Arrapaladan etorri zitzaizkidan mila burutazio, eta seko beldurtu nintzen. Eta orduan bai, jaiki nintzen, baina ez nekien zer egin. Goiz zen inori deika hasteko, baina aldi berean, ez nuen adorerik kotxea hartu eta Andoainera bakarrik joateko. Luze egin zitzaidan itxaronaldia, eta azkenean lankide bati deitu nion eta berarekin joan nintzen. Egun hartan ez nuen kotxerik gidatu nahi, etengabe tripari begiratzen nion, barruan zegoenari nire urduritasunak ahalik eta gutxien eragingo ziolakoaren esperantzaz.
Jende mordoa topatu genuen Andoainen. Handik aurrerakoak jakinak dira: atxilotuetako batzuk barruan zeuden. Eraman zituztenean, eta giltzarrapoa jarri zutenean, hura ezintasuna. Ezin sinetsi gure begien aurrean genuena. Negarra, amorrua, baina batez ere aurrera egin beharra. Batzarra egin, hantxe, kalean, eta taldetan banatu ginen. Komunikazioa, nazioartekoa, beno, ez ditut taldeak ongi gogoratzen, eta erredakzioa. Artxiboaren faltan nire memoria lagungarria izango zela, eta nirekin kontatzen zuela esan zidan erredakzioko ardura hartu zuenak, beti ere nire tripari begiratu eta etxera joatea hobeto nuela esanda. Ezetz, geratu egingo nintzela. Grazia egiten dit; egia da, buruz nekizkien 18/98 auziarekin eta haren segidan etorri zirenekin lotura zutenak, baina egun hartan asko kosta zitzaidan ideiak ordenatzea, izugarri. Tolosako erredakzio txiki hartara joan ginen eta Egunero egin genuen. Ez gintuzten ixildu.
Duela hamar urte norbaitek gure bizitza betirako aldatzea erabaki zuen. Euskarazko egunkari bakarra errotik ebaki nahi izan zuten, baina biharamunerako kimu berriak sortuak ziren. Hurrengo egunetan jasotako elkartasuna ezin ahaztu, inoizko jendetzarik handiena euskarazko proiektu haren zilegitasuna aldarrikatzen, eta eginiko injustizia salatzen.
Hamar urte geroago, ez gaituzte ixildu!