Hausnarketarako topaketak antolatu ditu Oiartzun Azmarrin taldeak
Sortu berria da Oiartzun Azmarrin (hausnartzen) taldea. Herriko gazte talde batek, egungo bizimoduarekin eta egoerarekin kezkatuta, kezka horiek jendearekin konpartitu behar zituela pentsatu zuen. Hala, hitzaldi-topaketa-solasaldi batzuk antolatu ditu.
Lehenengoa datorren asteazkenerako (hilaren 27rako) prestatu dute, Krisia: kasualitatea? izenburupean. Hainbat galdera erantzuten ahaleginduko dira: Nola iritsi gara egungo egoerara? Nork eragin du? Eta kapitalsimoaren bilakaeraren errepasoa egingo dute. Horretarako, La Doctrina del Shock dokumentalaren laburpena emango dute. Naomi Klein kazetari kanadiarrak idatzitako liburu batean oinarritutako dokumentala da, zeinak dioen, kapitalismo neoliberala hondamendi naturaletaz, gudez eta beldurraz elikatzen dela, bere indarra eta arauak ezartzeko.
Xabi Anza eta Manu Robles Arangiz Fundazioko kideek azalpenak emango dituzte. Eta gero solasaldi irekia izango da. Manuel Lekuona Bibliotekan jarri dute hitzordua, 19:30ean. Herritarrei animatzeko deia egin diete.
Bigarrena, martxoan
Bigarren topaketa martxoaren 20rako antolatu du Oiartzun Azmarrin taldeak. Hori ere Manuel Lekuona Bibliotekan izango da 19:30ean, baina gaia ezberdina izango da: Hego Amerika, gure ipar? izenburua jarri diote. Honako galderak landuko dituzte: Eraso neoliberalaren aurrean, zer egingo du Hego Amerikak? Norantz doa? Noratz goaz gu? Luismi Uharte EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea eta Hego Ameriketako gaietan aditua izango da hizlaria. Ondoren, solasaldi irekia izango da.