SOS Arrazakeriak antolatuta, bihar egingo dute Ostegun Anitzak ekimeneko lehenengo afaria Gaztelu ostatuan. Oraingo honetan, Senegalgo menua probatzeko aukera izango dute afarira joatera animatzen direnek. Afaria, gainera, jatorriz senegaldarrak diren bi pasaitarrek prestatuko dute: Modou Diagnek eta Oulu Tallek. Bi plater eta postrea emango dituzte: lehenbiziko entsalada ganba kroketekin, haragia arrautzaz betea, eta azkenik, mijoa jogurtarekin. Erreserbak Gaztelu ostatuan egin behar dira, bertatik pasatuta edo telefonoz (943 51 10 84).
Ekimen hori bertakoak eta etorkinak hurbildu eta elkar ezagutzeko antolatu dute elkarrekin SOS Arrazakeriak eta Gaztelu ostatuak. Hala, afariaren aurretik, tertulia bat egingo dute.
Ekainera arte, hilean behin, ostegunez, Ostegun Anitzak egingo dituzte Gaztelu ostatuan. Honakoak izango dira hurrengoak:
- Martxoak 21: Maroko (Said eta Rachid sukaldari)
- Apirilak 18: Pakistan (Ayaz sukaldari)
- Maiatzak 23: Nepal (Til sukaldari)
- Ekainak 20: Mexiko (Paloma sukaldari)