
Bizkaiko siderurgiaren historian oinarrituta dago ‘Burnia’ dantza garaikideko ikuskizuna
Igande honetan, hilaren 24an, Aukeran dantza taldeak
Burnia ikuskizuna taularatuko du Itsas Etxea Auditoriumean, 19:30ean. Bilboko Arriaga Antzokiaren ekoizpena da, eta hainbat lagunen arteko elkarlanaren fruitua. Unai Elorriaga idazleak gidoia idatzi du, Edu Muruamendiarazek koreografia prestatu eta Fernando Velazquez konpositorearena da musika. Sarrerak dagoeneko salgai daude kirol kaiko turismo bulegoan eta Arma Plaza Interpretazio Zentroan, 12 euroan. Agortuko ez balira, igandean leihatilan jarriko dituzte saltzeko, ikuskizuna hasi baino ordu bete lehenago hasita.
Edu Muruamendiaraz dantzari eta koreografoak sortu zuen Aukeran dantza taldea Donostian, 1997an. Aitzindaria izan zen Muruamendiaraz euskal tradizioko dantzetan oinarritutako koreografia garaikideak prestatzen. Sorreratik hainbat ikuskizun taularatu dituzte (
Jai Alai,
El Caserio,
Gernika danza sobre lienzo,
Izena duen guztia omen da…) eta aurten
Burnia ikuskizun berria aurkezten ari dira.
Unai Elorriaga idazleak idatzitako gidoi batean du sorburu
Burnia ikuskizunak. Euskal siderurgiaren historia eta Bilbo eta inguruetan izan zuen bilakaera lantzen du, hasierako burdinoletatik labe garaien ekoizpen goreneko garaietaraino.
Burnia ikuskizuna
- Zuzendaritza-koreografia: Edu Muruamendiaraz. Dantzaria, Aukeran dantza taldearen sortzailea.
- Gidoi originala: Unai Elorriaga, 2002ko Espainiako Narratiba Saria irabazitakoa, SPrako tranbia eleberriarekin.
- Musika originala: Fernando Velazquez, besteak beste, El orfanato eta El mal ejeno film luzeen soinu banden egilea.
- Eszena Zuzendaritza: Carlos Roo.
- Zuzendaritzaren laguntzailea: Eli Alberdi.
- Argiztapen diseinua: Xabier Lozano.
- Dantzariak: Ander Errasti, Ioritz Galarraga, Garazi Egiguren, Itziar Uzkudun, Asier Iriarte, Ekain Kazabon, Ione Iriarte, Aritz Iglesias, Martin Barandiaran eta Helis Legorburu.
- Jantzien diseinua: Oskar Armendariz.
- Eszenografia: Daniel Bianco.
- Ekoizpena: Eli Alberdi.