
Urdanibia plazaren urbanizazioa egingo dute aurten
Atzo egindako saio izugarri luzean —goizeko zortzi eta erdietan hasi eta hamaika ordu eta erdi geroago bukatu zen—, osoko bilkurak 2013ko aurrekontua onartu zuen, PSE-EE eta PP-ren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin. 67.815.321 euro izango ditu Irungo udalak aurten gastatzeko eta udal enpresa eta erakunde publikoena gehituta 75.269.450 euro.
Miguel Angel Paez Irungo Udaleko Ogasun zinegotziak eman zituen aurrekontu proposamenaren azalpenak eta aurten, iazkoa baino egoera hobea dela azaldu zuen: “Aurrekontu zuhurtasunari esker, kontuak saneatuta ditugu eta 2012an baino inbertsio gaitasun handiagoa. Horri esker, gizarte beharrei erantzuteko aukera izango dugu, zerbitzu publikoen prestazio maila eta kalitatea mantenduz”. Paezek auzoetan egingo diren hobekuntzak aipatu zituen —batez ere Artia, Belaskoenea, Katea eta Lapitzen egingo dira— eta inbertsioen artean, Urdanibia plazaren urbanizazioa edota San Juan plazako mediateka nabarmendu zituen.
Alkateordeak behin baino gehiagoetan aipatu zuen zuhurtasun hitza, eta nolabait, hitz horrek balio dezake Irunek aurten izango duen aurrekontua definitzeko. Izan ere, zorraren amortizazio boluntariorako funtsa izeneko diru-partida bat jasotzen du proiektuak eta, zehaztutako xederik gabeko partida horretan lau milioitik gora sartuko dira, tartean 2012ko kontuak ixterakoan geratuko den milioi bat eta diru funtsaren aurreikuspenetatik beste bat, aste honetan bertan aldundiak jakinarazi du uste zena baino diru gehiago itzuliko zaiela udalei.
Osoko zuzenketak
Bilduk eta Ezker Batuak aurrekontuen kontra bozkatu zuten, “agortutako eredu batean oinarritzen delako”, eta osoko zuzenketa bana aurkeztu zituzten. Manuel Millanen ustez, gobernuak zergak eta tasak igo dituelako saneatu ditu kontuak: “udal finantzen osasun egoera ona tasak eta zergak igotzen eta langile publikoen soldatak jaisten lortu da, Estatuaren dekretuaren gainetik batzuetan”.
Bilduren izenean, Oinatz Mitxelenak aurrekontua “errotik” prestatzeko beharra aldarrikatu zuen: “Betiko ereduari jarraipena eman diote, agortuta dagoena, eta Irunek errotik sortutako aurrekontu berri bat behar du, hiritarren parte hartzean oinarritutakoa eta enpleguaren aldeko eta azpi-kontratazioen kontrako apustu erradikalekoa”.
PPren 51tik 25 atera ziren
Atzo 2013ko udal aurrekontua onartu zuten, PSE-EEren eta Ppren bozkekin eta EAJren abstentzioarekin. Ezker Batuak eta Bilduk aurkeztutako osoko zuzenketak bozkatu eta gero —PSE-EEk, Ppk eta EAJk kontra bozkatu zuten—, emendakin partzialak aztertu zituzten eta horietatik 38 onartu zituzten: Ppren 25, EAJren 10 eta Bilduren 3. Guztira, milioi bat eurotik gorako adizio zuzenketak jaso zituen kontuen proiektuak eta 670.000 kenketakoak; bien arteko aldea zorraren amortizazio boluntariorako funtsetik hartu zituzten.

Larreaundiko estazio elektrikoa lekuz aldatzeko bidea egingo dute
Jakina zen popularrek alde bozkatuko zutela eta atzo euren eta sozialisten arteko negozioazioak nondik nora joan ziren ikusi ahal izan zen. Popularrek 51 zuzenketa partzial aurkeztu zizkiotek kontuen proposamenari, eta horietatik 25 onartu zituzten. Beste batzuk, erretiratu zituen Ppk, gobernuarekin adostuta, haien artean, Oiassoko termak estaltzeko diru-partida. Gobernuak begi onez ikusi zuen popularren proposamena eta aurten gaia aztertzekotan geratu ziren, baina partidarik zehaztu gabe.
Jeltzaleak abstenitu ziren
EAJk 32 zuzenketa partzial aurkeztu zituen eta horietatik hamar onartu ziren. Beste batzuk erretiratu zituzten jeltzaleek, PPk aurkeztutakoen oso antzerakoak zirelako edo udal gobernuak aurrekontuetan ageri diren partidak zeregin horietarako baliatuko zituela baieztatu zuelako. 1012ko aurrekontua onartzeko plenoan bezala, Artia eta Belaskoenea auzoetan ibilgailuak aparkatzeko lekuak hobetzeko eskatu zuen EAJk atzoko osoko bilkuran. Gobernuak bi auzoetan lan egiteko konpromisoa agertu zuen, baina jeltzaleak ez ziren gustura gelditu, ez baitzuten onartu ez haiek eskatutako diru kopurua ezta zehaztapena ere.
Orohar, inbertsiorako diru gehiago bideratu zitekeela uste zuten jeltzaleek eta horregatik abstenitu ziren, Xabier Iridoy bozeramaleak azaldu bezala: “Zuhurrak izateari uko egin gabe, auzoetan gehiago inbertitzeko aukera dago, eta horrek hiriko ekonomia eta enpresen enpleguan eragin dezake”.
Bildu eta Ezker Batuarenak
Bilduk aurkeztutako hamabi zuzenketatik hiru aurrera atera ziren eta aurrekontu proiektuan barneratu dituzte: euskara ikasteko diru laguntzen gainekoa, memoria historikoaren sustengurako diru partida bat eta Berdintasun Planerako beste bat. Ostiralean Oinatz Mitxelenak azaldu zuenez, “aurkeztu dugun osoko zuzenketaren lerro nagusiak dira, ez ditugu negoziatzeko aurkeztu”. Hala, hiru emendakin onartu zituzten, baina hamabiak onartuta ere Bilduren bozka kontrakoa izango zen, “eredu aldaketa behar delako eta gobernuaren aurrekontua eredu berean oinarrituta dagoelako”.
Aldiz, Ezker Batuko emendakinik ez zen aurrera atera. Bildurekin batera, udal gobernuak aurkeztutako aurrekontuen proiektuaren kontra bozkatu zuen Manuel Millan Ezker Batuko zinegotziak.
Osoko bilkura bukatzean, alderdi guztiek egindako lana eskertu zuen Jose Antonio Santano alkateak, neke aurpegiarekin, baina pozik. “Aurrekontu honek hiritarrei segurtasuna transmitituko die. Hedakorra da, zerbitzuak mantentzen ditu eta inbertsiorako zati txiki bat ere badu”, nabarmendu zuen.