Gaur hasiko da Ekozinemaldia Errenteria-Oreretan
Gaur ikusi ahal izango da Errenteria-Oreretan Ekozinemaldia zikloaren barruko lehen bi dokumentalak: Los Nahua eta EH: Ezkutuko zorra. Bi filmak Mikelazulo elkarteak proiektatuko dituzte 19:30etik aurrera.
Nahuatarrak Amazonaseko herria dira, eta petrolio ontziekin izandako ika-miken ondorioz jarri ziren harremanetan kanpoko munduarekin. Petrolioak ekarri dituen ondorio atzeraezinak azalduko ditu Marc Gavaldak dokumental horretan.
Euskal Herria, ezkutuko zorra lanean, berriz, Edu Glezek baliabide naturalen gehiegizko ustiapena landuko du: “Une honetan mundua krisi egoeran dago: kaos ekonomikoa, petrolio urritasuna, kontrolik gabeko beroketa globala eta desordena politikoa”.
Hurrengo saioa hilaren 27an (asteazkena) izango da, Fin: Civ dokumentalarekin.
Atzo hasi zen ofizialki Euskal Herrian seigarren Ekozinemaldia. Euskal Herriko 11 herritan emango dituzte filmak hilaren 15etik 28ra, eta horietako bi izango dira Errenteria-Orereta eta Irun. Bidasoko herrian hurrengo asteazken eta ostegunean egingo dituzte proiekzioa: Los Nahua, EH: Ezkutuko zorra eta Somalia Tóxica.