Bilduk GHPren kontrola nahi duela uste du Errenteriako PSE-EEk
Errenteriako PSE-EEk mozioa aurkeztu du udalean Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko (GHP) otsailaren 8ko batzarrean hartutako erabakien kontra egiteko. Errenteriako sozialisten ustez, erabaki horiek Bilduk “GHP kontrolatzeko” hartu ditu, eta horien artean nabarmendu du Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketako Plan Integralaren (PIGRUG) barruko lanak ez finantzatzeko erabakia “arduragabekeria” dela. PSE-EEk kritikatu duen beste erabaki bat estatutuen aldaketa bat izan da; “estatutuen aldaketa horrekin, Txingudiko Mankomunitatea GHPn sartzea ezinezko izango da praktikan”.
GHPn hartutako erabakiek Errenteriako Udalean eragina izango dutela uste du alderdi sozialistak, “Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketako Plan Integralaren kontrako urratsa bakoitza, praktikan, San Markoko zabortegia ixtearen kontrako urratsa delako”. Hala, mozioan eskatuko dute Txingudiko Mankomunitateari “betoa” kentzea, eta “alde bakarreko erabakiak ez hartzea”.