Udalak atez ateko zabor bilketarako kamio berria erosteko asmoa duela eta, horren tramitazioa gelditzeko eskatu du Lezoko EAJk. Egun zabor bilketa egiten duen enpresak, Limpieza y RSU UTE, bilketa egiten jarraitzea nahi duela eta elkarrizketetan ari dela udala azaldu zuten EAJko zinegotziek joan den ostegunean egindako agerraldian. “Enpresa eta udalaren artean adostasunera ez iristeko aukerak daudenez, kamioi berriaren erosketaren tramitazioa gelditzeko eskatu dugu, 146.000 euro suposatuko dituelako eta gurdia idien aurretik jartzen ari delako Bildu”.
Errenteriako Batzokian egindako agerraldian, urtarrileko plenoaren gainean aritu zen halaber Kepa Garbizu EAJko bozeramailea. Bere esanetan, atez ateko sistemaren aldeko babesa erakutsi eta Lezo Garbia plataformaren kontra egiteko “montajea” antolatu zuen Bilduk.Egun hartan hamarnaka lezoar bildu ziren udal areto nagusian errausketaren aurkako pegatina eta kartelekin eta Garbizuren ustez, ez zen “inprobisazioa izan”: Atez atekoaren ezarpenean Bilduk berak bere zinegotziak babesteko antolatutako ekimena izan zen”.
Hiri Hondakinak bildu eta tratatzeko ordenantzari aurkeztutako zazpi helegiteak gaitzetsi izana gogor salatu zuen Garbizuk halaber.
Luis Garrido zinegotziari zuzendu zitzaion azkenik Garbizu. Bildu koalizioko zinegotzia da Garrido eta 2009. urtean Aralar alderdiaren izenean atez ateko sistema Errenterian ez zela bideragarria adierazi zuela ekarri zuen gogora: “Nahiko genuke Garrido jaunak erantzutea hala pentsatzen jarraitzen duen. Zergatik da ezberdina Guillermo Lazon kalean edo Altamiran jartzea, edo Iztieta edo Olibeten?”.