Real Unionek hiru puntu lortu ditu asteburuan, atzo Gal estadioan Noja taldea 4-0 emaitzarekin irabazi eta gero. Aurreko lau partidak galduta, berriro irabazi du taldeak eta zaleak kontent utzita, gainera. Arnas pixka bat hartu du Unionek eta promozioko laugarren postua orain hamar puntura du. Zaila oraindik, baina ez ezinezkoa.
Zelaira urduri atera ziren Imanol Idiakezen mutilak eta lehen zatian azkar galtzen zuten baloia. Juan Dominguezek 23. minutuan lortutako gola eta gero gauzak zertxo bait aldatu ziren. Halere, Otermin atezaina izan zen onenetakoa etxekoen aldetik eta berari egindako geldiketei esker ez ziren kanpotarrak 0-1 aurreratu, edo bana jarri.
Bigarren zatian erabaki zen
Atsedenaldiak mesede handia egin zion Real Unioni eta bigarren zatia lehenengoa ez bezala hasi zuten etxekoek, lasaiago eta egin beharrekoa argi zutela. Kostatu zitzaien bigarren gola sartzea (Angulo, 72. minutuan), baina hori lortuta Nojak besoak jaitsi zituen. Hurrengo minutuan Lambarrik hirugarrena sartu zuen eta 87.ean Angulok biribildu zuen emaitza, 4-0a ezarrita.
Lau golengatik edo bakarragatik irabazita puntu kopuru bera, hiru, pilatu ditu Irungo taldeak baina, besteek egindakoa ikusita, gehiago izan direla dirudi. Liga hasieran irundarren helburu bakarra Bigarren A Mailara igotzeko promozioa jokatzea zen eta, 25. jardunaldia hasi aurretik, horretarako baimena ematen duten lau postuetatik azkena hamabi puntura zeukaten. Amorebietak, laugarrenak, bere partida irabazi zuen, baina Eibarrek Alaves liderrarekin galdu zuen etxean, eta eibartarrak dira orain laugarrenak, Real Unionek baino hamar puntu gehiagorekin.
Gainera, Unionek gertu dituen taldeek ere huts egin zuten eta Tudelano aurreratu eta Lleidarekin seigarren tokian berdindu dute txuribeltzek. Bi horiek bezala, Barakaldok —bosgarrena da— puntu bakarra lortu du asteburuan eta Real Union bost puntura hurbildu zaio.
Liga erdia Eibarren
Datorren asteburuan Eibarren jokatuko du Unionek eta asteburu honetan lortutakoak are eta garrantzia gehiago izan dezake heldu den igandean Ipuruan irabaziz gero (17:00). Hala balitz, laugarren postu desiratua zazpi puntura izango lukete irundarrek, liga erregularra bukatzeko hamabi partiduren faltan.
Sailapeneko lehen hamarrak
- Alaves. 56 puntu.
- Athletik B. 51 puntu.
- Amorebieta. 48 puntu.
- Eibar. 46 puntu.
- Barakaldo. 41 puntu.
- Lleida. 36 puntu.
- Real Union. 36 puntu.
- Tudelano. 36 puntu.
- Logroñes. 33 puntu.
- Gimnastica. 31 puntu.