Ate irekien jardunaldia egingo du Alerru Judo taldeak larunbatean
Judoa doanik egiteko aukera izango dute datorren asteburuan 4 eta 15 urte arteko haur eta gazteek Lezoko Allerru Judo taldearen eskutik. Ate irekien jardunaldia antolatu du judo taldeak larunbatean Bekoerrotan, eta horren barruan ordubeteko saioetan judoa zer den azalduko diete parte hartzen duten haur eta gazteei, eta halaber oinarrizko saioa egingo dute beraiekin.
Hiru adin taldeetan banatu dituzte saioak: 4 eta 7 urte arteko haurrekin 10:30etik, 11:30era egingo dute; 7 eta 10 urte arteko haurrekin 11:30etik, 12:30era; eta azkenik, 10 eta 15 urte arteko gazteekin 12:30etik 13:30era.
Antolatzaileek saioak doakoak izango direla nabarmendu dute: “Judoa gustuko izan dezaketen haur eta gazteei judoaren gaineko oinarrizkoak kontzeptuak azaldu nahi dizkiegu, eta parte hartzen dutenek beraz, ez dute inolako konpromisorik izango”.
Gazte Mailako txapelketa
Arratsaldez, berriz, Judoko Euskadiko Gazte Mailako txapelketa eta Alebin mailako entrenamendu saioa egingo dituzte Bekoerrota kiroldegian.