Umeentzeko zine zikloa errepikatu dute Hondarribiko Amute Kosta elkartean. Aurtengoan lau film emango dituzte, horietako bi euskaraz. Pelikulekin batera, aurtengo beste berritasuna ordutegia izango da 17:45ean hasiko baita proiekzioa. Astero emango dute pelikula bat, igandero, hilaren 24an hasita. Film denak publiko osoari zuzenduta daudela jakinarazi dute, baina azkeneko biak sei urtetik gorakoei gomendatzen dietela.
Filmak
- Hilak 24: Las aventuras de Panda y sus amigos (Isao Takahata, 1973). Naturarekiko maitasuna, inozentzia, eta umeen aurreiritzirik gabeko naturaltasuna lantzen ditu filmak. Bi zatitan banatzen da, bakoitzak 35 minutukoa. Miyazaki eta Takahata japoniarrak dira sortzaileak, biak produktore eta zuzendari entzutetsuak.
- Martxoak 3: Huck eta Tomen abenturak Mississippin(Norio Koshima, 1996). Hainbat heroiren abenturak kontatuko ditu, eta telesail batean oinarrituta dago.
- Martxoak 17: Capitanes intrépidos (Victor Fleming, 1937). 75 urte bete ditu film horrek, eta Spencer Tracyk horri esker irabazi zuen lehen Oscar saria. Rudyard Kiplingen eleberri batean oinarrituta dago, eta aurpegi ezagunak azaltzen dira.
- Martxoak 24: Nere auzokide Totoro (Hayao Miyazaki, 2004). Bi neskatxa izango ditu protagonista filmak, hiritik landa gunera bizitzera joango direnak. Han Totoro ezagutuko dute, basoko izpiritua.