Legorburu Bergarako maitasun gutunen lehiaketan bigarren izan da
Iñigo Legorburu errenteriarrak garaipen zerrenda puzten jarraitzen du, eta oraingoan, Bergarako maitasun gutunen lehiaketan izan da saritua. Porrotxi zuzendutako maitasun gutun bati esker lortu du bigarren saria, eta horrekin batera, 250 euro poltsikoratu ditu. Iratxe Esnaolaren atzetik geratu da. Esnaolak bere klitoriari eskainitako gutun batengatik irabazi du lehiaketa. Guztira, 70 lan aurkeztu dira aurten.
Legorburu bere gutunean minbizia pairatzen duen haur baten gorputzean sartu da, eta Porrotxori bere maitasuna eta bere alabarengatik egin duenagatik eskerrak ematen dizkio.
Ostegunean izan zen sari banaketa, San Valentin Egunean, eta Legorburuk saria jasotzean “minbiziaren gaia, bere gordintasunean, modu positibo batean tratatu” nahi izan zuela adierazi zuen. “Distantzia pixka bat hartzeko, ama baten paperean” sartu dela adierazi zuen, eta “gutun alai bat” atera zaiola. “Mundu koloretsu, imajinazio betea eta umoretsua islatzen saiatu naiz, niri Porrotxek hori sentiarazten baitit”.
Ez da lehenengo aldia Legorburuk maitasun gutunen lehiaketa batean saritzen dutela, iaz, Hendaiako maitasun gutunen lehiaketa irabazi baitzuen.