Mukitar-Muttar eremuan mendi bide bat ireki dutela jakinarazi du Eguzkik, eta era berean, halako mendi bide bat irekitzeko “inongo arrazoirik ez” dagoela salatu du: “Ez da inongo azterketarik egin aurrera eramandako lan horiek habitat naturalaren, hala nola, fauna eta lander espezieen kontserbaziorako beharrezkoak diren jakiteko. Hori guztia, Jaizkibel bezalako inguru babestu batean aurrera eraman da, eta gainera, administrazioaren baimenik gabe”.
Eguzkik gogorarazi duenez, Jaizkibelgo lehenengo eta bigarren dorre optikoen artean dauden mendi belardiak ezagutzen dira Mukitar-Muttar bezala. Lezoko udalerrian daude, eta Natura 2000 Sarean babestuta. Mendi pista hori egiteko, “harkaitz artean zulo ikaragarri bat” egin dela esan du Eguzkik.
Zentzu horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Pasaia nahiz Lezoko udalei esku hartzeko eskatu die, eta eragindako kalteak bere onera ekartzeko. Era berean, administrazioa “Jaizkibel babestearen arduraduna” dela esan du, eta berez, araua haustea egiaztatuz gero, zigortu behar dituela.