Bozeramaileen Batzordeak gizarte zerbitzu publiko eta pentsioen alde egin du
Errenteriako Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek bat egin dute bozeramaileen batzordean, gizarte babeserako zerbitzu publikoen eta pentsioak eguneratu eta berriro ebaluatzearen defentsan. Horren harira, bi adierazpen instituzional onartu ditu. Bat egin ez duen alderdi bakarra PP izan da.
Gizarte zerbitzu publikoak “kohesio, gizarte justizia eta aukeren, eta aberastasunaren banaketarako tresna” dela esan du batzordeak, eta egungo egoera gogorarazi du: Espainiako Estatuan 5,7 milioi langabe daudela, eta pobrezian erortzeko arriskuan 11 milioi lagun daudela. Era berean, adineko pertsonen %40k senitarteko bati diruz laguntzen diola jakinarazi du. Egoera horretan, gizarte zerbitzuak gizarte bazterketan erortzea eragotzi beharko lukeen sarea direla iritzi dio. Murrizketek, ordea, dagoeneko iraungita dagoen “benefizentzia sistemara” eraman dezaketela gizartea iritzi dio, eta Luis De Guindos Espainiako Ekonomia ministroaren hitzak ere gogorarazi ditu, gizarte zerbitzuak ordaintzeko dirua agortzen ari dela esan zuela eta.
Bozeramaileen batzordearen arabera, “oinarrizko gizarte zerbitzua desmuntatzen” ari da, “Mendekotasunaren Legea isilpean geratuta”. Horrek emakumeentzat ondorioak ekarriko dituela ere iritzi dio, “haiek direlako gehienbat sektore horretan lanean ari direnak, baita senitartekoen ardura hartu beharko dutenak ere horiek babestuko dituen eskubiderik ez badago”.
Horren guztiaren kontra gizarte ekimen bat martxan dela azaldu du, Marea Laranja. Bertan, herritarrak eta politikoak kontzientziatzen dabiltzala zehaztu du.
Pentsioak berriro ebaluatu gabe
Pentsioak KPIaren arabera igotzen ditu Espainiako Gobernuak eros ahalmena gal ez dezaten, baina aurten ez ditu berriro ebaluatu. Horrenbestez, pentsioak igo egingo ditu (1.000 eurotik beherakoak %2 eta gainerakoak %1), baina KPIaren azpitik (%2,9) geratuko dira. “Pentsionistek, horien artean euskal herritarrek, modu onartezinean murriztua ikusiko dute beren errenta ahalmena, eta ondorioz, beren bizi kalitatea”. Neurri horiek gainera, “adineko pertsonei eta pentsiodunei egiten zaien aurrekaririk gabeko eraso” izan direla iritzi dio. Neurri horretan ere “zalantza juridiko handiak” daudela esan du.
Horrenbestez, Espainiako Gobernuaren erabakia “arbuiatu” eta Konstituzio Auzitegiko legitimatutakoei, eta bereziki EAEko hiru zirkunskripzioetan hautetsitako diputatu eta senatariei, zein Herriaren Defendatzaileari konstituzio kontrakotasun errekurtsoa aurkezteko eskatu die.