Irungo Udaleko Kultura Saila hasi da pixkanaka 2013 sanmartzialak prestatzen. Hala, musikaren atalean berritasun bat izango dela jakinarazi du gaur goizean Belen Sierra Kultura ordezkariak: irundarrek jaietako musika programazioa osatzeko iradokizunak eta proposamenak egiteko aukera izango dute,
udalaren webgunearen bitartez. “Jai parte hartzaileagoak egiten jarraitu nahi dugu, irekiagoak. Musika programazioa ahalik eta erakargarriena izan dadin bilduko ditugu herritarren proposamenak”, esan du Sierrak.
Gaurtik eman ditzakete proposamenak herritarrek, martxoaren 3ra arte. Parte hartzeko hainbat datu sartu beharko dituzte interesdunek. Iazko festetako ekainaren 22ko kontzertuaren partaideak herritarrek erabaki zituzten, lau aukeraren artean.