Mugikorrak bilduko dituzte kiroldegian, Algelmanen sindromea dutenen alde
Hondartza kiroldegiko harreran kutxa bat jarri dute bertan erabilitako telefono mugikorrak uzteko. Angelmanen Sindromea Elkarteak abiatutako kanpainaren barruan dago eta telefonoekin bildutako dirua izen bereko gaixotasunaren ikerketara bideratuko da. “Angelmanen sindromea gaixotasun neurogenetikoa da, bereizgarri kliniko oso definituekin dagoena eta 15 kromosomari lotuta doana. Ezaugarriak, besteak beste, honakoak dira: atzerapen mental gogorra, hizketa eza, ataxia eta itxura pozgarria izatea. Mikrozefalia eta konbultsioak ere ohikoak dira” dio Joseba Antxustegi elkarteko kideak.
AEBen ikerketak egiten dabiltza sindromearen jatorria zehaztu eta sendatzeko bideak garatzeko; egindako frogen lehen emaitzak aurten ezagutaraziko dituzte eta, hori probestuta, kanapaina abiatu du elkarteak.
Hondarribian atzo egin zuten kanpainaren aurkezpena eta, bertan, Amaia Gezala zinegotziak egitasmoaren nondik norakoak azaldu zituen: “Angelmanen Sindromea Elkarteak erabilitako mugikor eta tabletak bildu nahi ditu, funtzionatu edo ez, ondoren telefoniako konpainiei saltzeko eta gaixotasunaren ikerketan laguntzeko. Hondartza kiroldegitik jende asko pasatzen denez eta kiroldegiak ordutegi zabala duenez, kanpainarako leku aproposa iruditu zaigu. Hiritar eta erabiltzaileei dei egin nahiko nieke kanpaina honetan laguntzeko. Gesto txiki batekin gauza handiak egin daitezke”.