Mendoza: "Ulertzeko gai izan gara, zergatik pentsatzen duen besteak pentsatzen duen moduan"
Eraikiz giza eskubideei buruzko zikloa bukatu da, baina oraindik bere oihartzuna entzuten jarrai daiteke. Komunikabideek normalizaziorako eredutzat hartu dute. Julen Mendoza (Errenteria-Oreretan, 1978) alkatea ere pozik da Eraikizek utzi duen arrastoarekin.
Nola joan da Eraikiz zikloa eta zein ondorio atera dituzue?
Oso ondo joan da, espero genuena baino hobeto, beraz, balorazioa oso positiboa da. Bi aldetatik. Batetik, lortu dugulako areto berberean oso ezberdinak diren pertsonak batzea, guztiek konpartitzea espazio bat, eta entzutea istorio batzuk. Hori guztia, gainera, errespetuz. Garrantzitsua da, bereziki, jarri dugulako sufrimendua bere osotasunean, mahai gainean. Alde horretatik balorazioa oso positiboa da, baina baita hedabideetan izan duen oihartzunagatik, eta bereziki, oihartzun positiboarengatik. Oso zaila izaten da askotan, hedabideetan daukan harrera halakoa izatea, zentzu guztietan positiboa.
Normalizaziorako eredutzat jo dute komunikabideek. Zuk ere horrekin bat egiten duzu?
Bai. Nik ere horrela ikusi dut, eta inork ez du ezer txarrik esan saioaren inguruan, eta jarri da eredu moduko gauza bat bezala. Guk hau egin dugunean ez dugu eredu bihurtzeko asmoarekin egin, baina honek balio badu beste tokietan antzeko ekimenak martxan jartzeko, ongietorria izan dadila.
Euskal Herrian lehen aldia da halako ekimen bat egiten dela, eta hain justu, Errenteria-Oreretan. Beste herrietara ere zabaldu daitekeela uste duzu?
Baietz uste dut, eta gainera, garrantzitsua litzatekeela. Askotan herriak ematen dizun aukera da foku mediatiko guztietatik aparte aritzea, eta hori oso garrantzitsua da. Horrelako gai batean sartzen zarenean, garrantzitsua da foku mediatiko horietatik kanpo lan diskretu bat egitea, eta presiorik gabeko lan hori egitea, eta hori herrietan ematen da. Hori gai bagara hainbat herritan horrelako esperientziak edo bestelakoak martxan jartzea, dudarik gabe horrek asko lagunduko luke herri honen normalizazio politikoan.
Zein izan zen Eraikiz martxan jartzeko abiapuntua?
Ezin da jarri momentu bat. Hor prozesu bat dago, eta horrek eramaten zaitu horrelako ekimen bat martxan jartzera. Prozesua zein da? Konstantea. Duela urte eta erdi legegintzaldia hasi zenetik, orain artekoa. Harremanen prozesu bat, maila pertsonaleko prozesu bat, elkarrizketa askorena gai hauen inguruan… Norbera hasten da bere prozesua egiten, pertsonala, propioa. Horrez gain, iritsi ginen momentu batera non atera ziren film batzuk, guztiak momentu antzekoan: Egigurenen filma, Barrura begiratzeko leihoak, Gorka Espriauren Begiak mintzo dira… Hortik erabaki zen ziklo moduko bat egitea.
Dokumentaletako protagonistak bertan izan dira. Zer nolako inpresioa hartu dute ekimen honekin?
Kasu guztietan oso ondo. Bertatik pasatu diren guztiak oso pozik zeuden: Egigurenetik hasita, Mireia Gabilondo eta Jon Ugarte, antzerkiko kideak, eta azkeneko egunean, Gorka Espriaurekin batera, Rosa Rodero, Joxan Agirre, Tamara Muruetagoiena eta Javier Asla. Gainera, animatu gintuzten horrela jarraitzera. Alde horretatik meritua ere eman behar zaie beraiei. Zikloa positiboa da, baina baita eurak ere prest egon direla etortzeko.
Hain zuzen, urte hauetan guztietan muga handiak egon dira alde batekoen eta bestekoen artean. Eraikizen bidez, horiek apurtzen hasteko bidea egin dela ustez duzu?
Nik uste dut dela bide berri bat hastea. Egia da udalean gabiltzanon artean harreman pertsonal bat lortu dugula denbora guzti honetan, eta gutxienez, elkar ulertu garela. Horrek ez du esan nahi konpartitzen ditugunik bestearen posizioak, baina bai ulertzeko gai izan garela, zergatik pentsatzen duen besteak pentsatzen duen moduan. Hori garrantzitsua da. Egia da, seguraski, ekimen honek sortzen duela giro berri bat espazio komun batzuetan. Guztiak elkarrekin konpartitzen ditugun espazio batzuk, eta hitz egiteko oso delikatuak diren gai batzuen inguruan. Adibidetzat jarrita: edukitzea biolentzia ezberdinak pairatu dituzten pertsonak agertoki berberaren gainean, eta agertokiaren azpian ere alde bateko eta besteko pertsonak egoteak oinarri sendo bat markatzen duela aurrera begira.
Eraikizen aurkezpenean aipatu zenuten hausnarketa sortzea dela helburua. Orain hori faltako da?
Bai norberak bere buruarekin egin behar duen hausnarketa. Hor askotariko dokumentalak eman ziren, gehiago edo gutxiago konpartituko da eta helburua ere zen irekiak egotea jasotzen denari, eta horrek norberari bere hausnarketarako tartea irekitzea. Ikusiko dugu horrek etorkizunean zertarako aukerak irekitzen dituen.
Eraikizek irekitako bideari jarraitzen dioten beste ekintzarik egiteko asmorik baduzue?
Hau izan da pauso bat, eta etorkizunean pauso gehiago emateko asmoa badaukagu. Ikusi beharko da ea pauso horiek posible diren ematea edo ez, eta zein motatako pausoak izango diren. Baina honetan sartu bagara da pauso bat eman nahi genuelako, guztiok, eta eman dugu. Eta orain ikusi beharko da etorkizunean nola lortzen dugun ondorengo pausoak ematea. Bidea hasi gara markatzen, ea nola lortzen dugun jarraipena ematea.
Aukerarik izan duzu herritarrekin hitz egiteko. Zer esan dizute Eraikizi buruz?
Bai izan dut aukera, eta termino orokorretan positiboki baloratu dute. Alde horretatik, eskertzekoa da. Zentzu horretan, erlaxazio puntu bat ere eman da, entzun direlako gauza batzuk jendea itxaroten ari zela entzutea. Gainera, lau egunetan beteta egon da kulturgunea.