Krisiaren aurkako protestetan parte hartzeko deia egin du Ezker Anitzak
Gaur arratsaldean nahiz bihar goizean protestak izango dira krisiaren ondorioekin lotutakoak, eta Ezker Anitzak bertan parte hartzera animatu ditu errenteriarrak. Jose Manuel Ferradas bozeramailearen arabera, krisia gogor kolpatzen ari da errenteriarrak, batik bat lana eta etxebizitza eskubideei dagokienean. Hala, urtarrileko datuen arabera, Errenteria-Oreretan 3.000tik gora langabe daude (Gipuzkoako %8,64). Horrek, era berean, etxe kaleratzeetan eragina duela azaldu du. Zentzu horretan, mobilizatzea eta presio soziala beharrezkoa direla iritzi dio Ferradasek.
Hala, gaur, 19:00etan, Oarsoaldeko Langabeen Batzarrak enplegu duinaren alde eta ustelkeriaren kontra elkarretaratzea egingo du Niessenen. Biharko, berriz, manifestazioa antolatu du Stop Kaleratzeak-ek, 12:00etan, Donostiako Bulebarretik aterata.