Kontxa Murgia zena omenduko dute datorren astean
Oiartzungo Udalak eta Pasaiako Fato Cultural Daniel Castelaok Kontxa Murgia zena omenduko dute aurten ere. Datorren astean egingo dituzte omenaldi ekitaldiak. Galiziako abertzaletasunaren aitzindari izan zen Manuel Martinez zenaren ama oiartzuarra omenduz, “Euskal Herriaren eta Galiziaren arteko harremanak estutu eta bi herrien arteko anaitasuna aldarrikatuko dugu, bide batez”, udalak jakinarazi duenez. Aurten, bi egunetako egitaraua antolatu dute.
Datorren ostiralean (hilaren 22an) poesia errezitaldi musikatua izango da udaletxean, 19:00etan, euskaraz eta galegoz. Arantza Letek, Jose Angel Irigarayk eta Xose Estevezek errezitatuko dituzte poemak, eta Arkaitz Miner eta Jexux Aranburu musikarien laguntza izango dute biolina, gitarra eta eskusoinuarekin.
Larunbatean (hilaren 23an), berriz, lore eskaintza eta ekitaldi ofiziala egingo dizkiote, bere jaiotetxean: Manuel Lekuona Bibliotekan. 12:00etan izango da. Aurretik, Doneztebe plazatik Manuel Lekuona Bibliotekara kalejira egingo dute, txistulari eta gaita joleekin.