Irungo Bilduk udal aurrekontuen kontra bozkatuko du asteleheneko plenoan
Heldu den astelehenean egingo da Irungo Udal Aurrekontuaren gaineko osoko bilkura eta bertan udal gobernuaren proposamenaren kontra bozkatuko du Bilduk. Gaur goizean emandako prentsaurrean “Irunek eredu berri bat” behar duela esan du Oinatz Mitxelena zinegotzi eta Bilduren udal taldeko bozeramaileak eta gobernuak aurkeztutako kontuak bide beretik doazela gehitu du: “Badirudi orain arteko ereduaren alde dagoen PPren bozkekin onartuko dutela aurrekontua eta EAJk zalantzak ditu. Udaleko ezkerreko bi alderdiek —Bildu eta Ezker Batua— osoko zuzenketak aurkeztu ditugu eta horrek argi erakusten du aurrekontuen izaera nolakoa den”.
Gaur arratsaldean udal gobernuaren kideekin elkartuko dira Bilduren ordezkariak, “zuzenketa partzialak negoziatzeko”. Guztira, hamabi zuzenketa partzial aurkeztuko ditu Bilduk asteleheneko plenoan eta Mitxelenak aurreratu duenez, “osoko zuzenketaren lerro nagusiak” dira: ez ditugu negoziatzeko aurkeztu, gure ustez aurrekontuaren norabidea zein izan behar den azaltzeko baizik”.
Edonola ere, emendakin partzial bat edo beste onartzeko aukera ez du baztertzen Mitxelenak. Atzo Miguel Angel Paez alkateordeak adierazi zuen udal gobernua prest dagoela talde guztien zuzenketa partzialen bat onartzeko prest.