Garikoitz Lekuona: Izarren hautsaren bidetik
Leteren Izarren Hautsa edo Laboarena berdinak dira? Berdin-berdin maitatuko genuen abestia Leteren doinuan soilik ezagutu izan bagenu? Letra eta mezu berdinak dituzte biak ala biak, baina gehienok bat egin dugu bereziki gure; juxtuki jatorrizkoaren kopia dena, baina Laboak, bere estilo propio eta ahotsa berezia tarteko, gehienontzat bakarra izatea lortu zuena.
Doinu berriz mezu zaharrak josiz, gure memorietan abestia zizelkatzea lortu zuen Laboak. Geure egin genuen eta geroztik belaunaldiz-belaunaldiz transmititzea lortu da, esfortzu berezirik gabe. Abestiak bere bidea egin du oztoporik gabe. Formula arrakastatsua izaten jarraitzen du egun ere.
Laboaren doinuak irekidura edo oihartzun berezia eman zien bizitza bera deskribatzen duten hitz zaharrei. Hitz zaharren digeritze soziala bezala izan zen. Letek idatzitako arbasoen hitzei jarraibidea egin zien Laboak, baina sormenaren bidetik irekiera bat emanez, freskotasuna emanez, abestia geure eginez. Guztiok barnean dugun ameslaria abestiarekin bat egitea lortzen du. Hautu bat eginarazten digu, naturaltasunez, horren kontzientziarik izan gabe.
Hortxe dago arrakastaren gakoa. Eta horixe dugu euskaldunok erronka. Izan ere, etorkizun hurbilean euskaldun izatea hautu bat izango da, eta gazteek etorkizunean euskaraz bizi daitezen gakoak edo motibaziorako arrazoiak aurkitu beharko ditugu.
Gazteek mezu uholde izugarria jasotzen dute ingelesez, frantsesez, gazteleraz. Espainola, frantsesa edo ingelesa izatea erraza da. Ez da deus kostatzen. Milioiak eta milioiak gastatzen dituzte beren hegemonia kulturalaren hedapenerako. Eta beraz, inguratzen dituen mundua halakoa izanik, zergatik aukeratuko dute gazteek euskara?
Testuinguru horretan Euskara aukeratzea ahalegin bat eskatuko die, beste hizkuntzekin eskatuko ez zaiena. Borondatea eskatuko du. Hautu bat egitea. Eta guri tentsio horri eustea dagokigu, euskararen aldeko hautua egin dezaten tentsioari eustea eta beraien motibaziorako arrazoiak bilatzea. Eta erronka horri aurre egin ahalko diogu soilik, besteak beste, Euskara bestelako mundu edo gizarte baten garraiorako hizkuntza izatea lortzen badugu. Bestelako errealitatea amesteko bitartekoa izatea lortzen badugu. Balio itsatsi hori eman beharko diogu gure hizkuntzari, besteak beste, bizi iraun nahi badu. Beste hizkuntzek ematen ez diotena eman beharko die. Euskarak potentzialitatea duela transmititu behar diegu gazteei, beraien jarraidura lortu nahi bada.
Hizkuntza handiekin ez bezala, euskararen berreskurapena euskal gizartearen energian oinarritu da. Azken berrogeita hamar urteetan, ikastolen eta abarren bidetik, beharrezko azpiegiturak eman zaizkio gure hizkuntzari. Iraultzaileak izan ziren gure gurasoak. Determinazio eta sormen izugarria erakutsi zuten. Ausartak izan ziren.
Euskararentzako espazio berriak lortu genituen, hizkuntzaren hedapena ahalbidetuko zuten eremuak sortu ditugu. Baina badirudi egun hedapenerako baino, iraupenerako lan egiten ari garela. Kuantitatiboki egindako gizarte esfortzuak ez du kualitatiboki nahiko genukeen emaitza ematen. Amets potoloegiak akaso?
Menpekotasunezko egoera zipar batean bizi gara (Prefetarena horren adibide) eta tranpan erori ginen. Menpekotasun egoeran bizi den hizkuntza ezin baita inoiz hizkuntza hegemonikoekin lehiatu. Hizkuntz normalizazioarena gezur handi bat da.
Horregatik, euskaraz amestu eta euskarentzako amets berriak marraztu behar ditugu, baina amets doituak. Errealitateari egokitutakoak. Amets freskoak. Errealitatetik abiatuz irekidura bat suposatuko dutenak. Laboak Leteren abestiarekin egin bezala. Izan ere, betetzen ez diren ametsak marrazten baditugu, gazteek ametsak gezurrak direla eta bete ezin direla pentsatuko dute. Eta transmisioaren soka etengo da.
Letek eta Laboak zioten bezala: Amets eroak baztertuz bertan, sasi zikinak behingoz erreta, bide on bat aukeratzen.