
Udako oporrak oraindik urrun dauden arren, dagoeneko Errenteriako Udala hasi da plangintza egiten, eta martxoaren 4tik aurrera eman ahal izango da izena bai udaleku (2001-2006 urteetan jaiotako haurrak) nahiz kanpamenduetarako. Aurten udala horiek kudeatuko dituen beste enpresa batekin hasiko da lanean, Hezizerb, eta horrekin batera, hainbat aldaketa izango dira. Garrantzitsuena, txikienen udalekuetan (2007-09) eta ertainenean (2001-06) plaza edukitzeko ez dutela zozketarik egongo. Parte hartzearen arabera moldatuko dute begirale kopurua. Beraz, izena ematen duten guztiek edukiko dute plaza.
Kanpamenduei dagokionez, ordea, zozketa egiten jarraituko dute aurreko urteen moduan. Eta kanpamenduetan inoiz izan ez direnek jarraituko dute lehentasuna izaten. Aurreko urteetan bezala, bi helmuga izango dituzte partaideek: Beire (Nafarroa) eta Lousada (Portugal). Beire 2001-03 urteetan jaiotako haurrei zuzenduta dago, eta Lousada, berriz, 1997-00 urteetan jaiotakoei.
Udaleko nahiz kanpamenduak uztailean egingo dituztela jakinarazi du Unai Unsuain Gazteria zinegotziak, “herriak berak horrela nahi duelako”. Izan ere, abuztuan eskaerarik ez dagoela zehaztu du. Hala, txikienek eta ertainek uztailean bi txanda izango dituzte 1etik 12ra eta 15etik 30era. Kanpamenduei dagokionez, Beire ekainaren 28tik uztailaren 7ra izango da, eta Lousada uztailaren 1etik 10era.
Horrez gain, Euskal Herrira uda pasatzen diren haurrek (Txernobil, Sahara…) hobariak izango dituztela gogorarazi du bai beherapen eta parte hartzean. Horrez gain, hobariak edukiko dituzte familia ugariek (%50) eta seme-alaba bat baino gehiago eramaten dutenek.