Ane Badiola: "Ilargitik ilargira"
Badirudi batzuentzat amets egitea ez dela nahikoa. Amestea gauza ederra da eta ametsak egi bihurtzea ere polita izaten da askotan, beti. Batzuetan. Ametsek amets izateari uzten diotenean poza sentitzen dugu, edo zirrara, edo ilusioa. Edo haserrea.
Pasa den larunbatean herriko bi gazte berriketan entzun genituen taberna atarian. Haserre zauden, minduta. Haien ezinegonaren arrazoia jakin nahian bikotearengana hurbildu ginen tragoa eskuan. Ilargiaz eta espazioaz ari ziren hizketan, marmarrean. Haien haserrearen jatorriaz galdetu genienean honakoa erantzun zigun gazteetariko batek: «Hemendik urte gutxira ilargira egun pasa joateko aukera egongo da».
Oiartzuarron artean hain ohikoa den ironia kutsuz esaten zuen egun pasarena. Badirudi bi eguneko bidaiak izango direla: nabe batean sartu, bi hegazkinen laguntzaz propultsatu, ilargia nabe barrutik ikusi eta etxera buelta. Ederra egun pasa! Dirudienez, ideiaren garatzaileen helburua ilargira bidaia komertzialak sortzea da, seguruak eta ekonomikoki jasangarriak.
Jasangarriak, jasan ditzakeenarentzat. Izan ere, 1.160 milioi eurokoa da egun pasa; hori bai, bi lagunentzat! Txangoan zehar hamaiketakoa emango al dute gutxienez…
Estatu Batuetako Agentzia Espazialeko langile ohiak dira txango berezi hauek antolatzen dituztenak. Enpresa honen esanetan, proiektuko bezero nagusiak agente espazialak, korporazioak, ikerketa instituzioak eta munduko aberatsak dira. Korea, Indonesia edo Hego Afrika bezalako herrialde ertainentzat aukera aparta dela diote enpresako partaideek, proiektu hau egon ezean, ez bailukete sekula lortuko ilargiaren ikerketa gaietan murgiltzea. Eskerrak! Zer egingo lukete herrialde ertainek enpresa hau ez balitz sekula sortu…
Lagunok, adora dezagun enpresa hau herritar xumeei ilargia gertutik ikusteko aukera eskaintzeagatik. Txalotu dezagun enpresa mundu erdia gosez hiltzen eta bizi baldintza txarretan bizitzen ari den bitartean dirua halako txorakerietan xahutzeagatik. Hori da hori gauzak ongi egitea. Hankak lurrean eduki behar direla esaten dute askok. Hankez gain burua ere bertan edukiko bagenu… Ilargira joan nahi dugu bertan bizi garela konturatu gabe. Horrela dago merkatua, zer egingo zaio. Zazpi urte dauzkagu 1.160 mila euro lortzeko. Hasi aurrezten, kendu gastu txoroak: janaria, argia, ura, arropa. Kendu gastu txoroak eta agian, egunen batean, lortuko dugu ilargira joan eta bertan dauden txoriburuak gure artera ekartzea.