Gipuzkoako Foru aldundiak, Kutxa Ekoguneak eta Behemendik hitzarmena sinatu dute gaur goizean Lezoko Urrullo eremuan agroalde bat martxan jartzeko. Urrulloko agroaldea, gutxi barru aurkeztuko den Gipuzkoako Nekazaritza Lur Funtsaren lehen ekimena dela azaldu du Jon Peli Uriguen Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismoko diputatuak. Uriguenekin batera izan dira Ekoguneko Zuzendaria Mikel Insausti, Koldo Lizarralde Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapeneko Zuzendaria, eta Juan Kruz Alberdi Behemendi elkarteko kudeatzailea.
Lezoko agroaldeak proiektu “txikia” dirudien arren “aldundiarentzat estrategikoa” dela esan du Uriguenek: “Bost lanpostu zuzen sortuko ditu proiektuak eta 130.000 euroko inbertsioa suposatzen du. Aldundiaren politikan urrats estrategikoa da”. Hitzarmen horri esker, aldundiarenak diren eta 102.820 metro koadroko azalera duten Urrullo eremuko lurrak nekazaritzarako baliatuko dira. Eremu horretan, hektarea bana izango duten bost baratza prestatuko dituzte eta baita ere ura eta bidea bezalako oinarrizko azpiegiturak.
Agroaldeak nekazaritza ekologikoa sustatzeaz gain, lehen sektorean bost lanpostu zuzen sortuko dituela nabarmendu du Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismoko diputatuak. Ez dira horiek helburu bakarrak, ordea: “Gaur egun abeltzaintza erabilera soilik duen sailari probetxu gehiago aterako zaio eta halaber, Oarsoaldean baratzagintzak duen garrantzia finkatu nahi dugu”.
Egitasmoaren atzean, elikadura subiranotasunaren kontzeptua dagoela gaineratu du Uriguenek, “kalitatea eta gure lurren biziraupena bermatuko duen proiektua delako eta azken batean gure osasuna kalitateko produktuak ekoiztuko ditugulako bertan”. Baserri eredua desagertzeko dagoen “arriskua” nabarmendu du halaber, “merkatuak, globalizazioak eta produkzio intentsiboak kalte handia egiten diolako. Baserri eredua manentzeko beraz, urratsak eman behar dira”.
Proiektuak berak hiru urrats nagusi izango dituela zehaztu du bestalde Koldo lizarraldek. Lehenengoa, hitzarmena sinatzea izan dela zehaztuta, “orain eremua egokitzeko lanak hasi eta burutzea” izango dela bigarrena, gaineratu du. Azken urratsa berriz, egitasmoa nekazari gazteei bideratzea izango da: “Lur funtsaren gaineko dekretoa prestatzen ari gara horretarako. Bertan banaketa nola egingo den zehazteko irizpideak jarriko ditugu”.
Kalitatean oinarritu
Nekazaritzak globalizazioaren ondorioz erronka handiei aurre egin behar diela eta horiei aurre egiteko giltzarria espezializazioa dela esan du Ekoguneko zuzendariak. Kalitatean oinarritzearen aldeko apostua egin du horrenbestez, eta “nekazaritza ekologikoan ekoiztea, kalitatean ekoiztea” dela gaineratu du. Lezon orain aste pare bat inauguratu zuten Baratza Parketik kilometro batera abiatuko duten agroaldearekin gazteen aldeko apostua egiten dela nabarmendu du azkenik.
Halako proiektua egi bihurtzeko urteak daramatela azaldu du azkenik Juan Kruz Alberdik: “Ekolapiko egitasmoa martxan jarri genuen eta gero hura asetzeko produktu faltarekin aurkitu ginen. Nekazaritza ekologikoa bultzatzeko unea da, beharrezko ditugun proiduktu horiek lortzeko batetik, eta langabezia maila dagoenean egonik nekazari izan nahi dutenei lurra eskaintzeko bestetik”. Oarsoaldea nekazaritzarako oso egokia dela ere esan du Behemendiko kudeatzaileak “landa eremua ez delako bertan, oso maldatsua” . Amaitzeko, eskerrak eman dizkie Foru aldundiari eta Lezoko Udalari: “Lehenak nekazarien eskura jarri diteulako erabiltzen ez diren bere lur horiek Lur Funtsaren bidez; eta bigarrenari, bere plan orokorrean agroalde ekologiko bexala sailkatu dituelako Urrulloko lurrak”.