Txalo artean sartu da espetxean Aitor Franco
Gaur aurkeztu du bere burua Martuteneko espetxean Aitor Franco Errenteria-Oreretako gazteak, Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiari jarraituz, eta herritarren txalo artean sartu da espetxera, eguerdiko hamabiak aldera. Ordu horretan bukatzen zitzaion bere burua aurkezteko epea.
Ordu erdi lehenago zenbait herritar bildu dira Martuteneko espetxearen ondoan gazteari elkartasuna adierazteko asmoz. Euskal gazteria libre eta legala leloa zuen kartela atera dute, eta horren atzetik abiatu dira espetxeko atarirantz. Euskal gazteriaren aldeko oihuak bota dituzte atzera kontaketa horretan.
Oraindik ez zegoen bertan Franco, baina 11:50 aldera azaldu da, abokatuarekin batera. Txalo artean hartu dute bertaratutakoek. Gertukoenei azken hitzak esan, besarkatu, eta atarirantz abiatu da Franco. Bien bitartean, gaztearen aldeko oihuak bota dituzte, eta besarkadak eta muxuak ere eman dizkiote tartean. Jendearen berotasunaz zeharkatu du espetxeko atea.
Espainiako Auzitegi Gorenak joan den abenduan berretsi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalaren epaia, eta sei urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra mantendu zion Francori, Segiko kide izatea leporatuta, beste lau herritarrekin batera. Horietako hiru, Maitane Linazasoro, Xabier Lujanbio eta Arkaitz Anza dagoeneko espetxean daude, joan den urtarrilaren 19tik. Donostian atxilotu zituzten. Francok jakinarazpena jasota zuen, eta gaur eguerdiko hamabiak baino lehen aurkeztu behar zuen bere burua. Azken auzipetua, Aitor Alberdiri ere gaur amaitzen zitzaion epea bere burua aurkezteko, baina ez dago oraingoz bere inguruko berririk.
Babesa, azken momenturaino
Azken hilabete hauetan, herritarren babesa jaso dute gazteek, eta atzoko manifestazioan ere dozenaka herritarrek bat egin zuten Eleak mugimenduak egindako deialdiarekin. Gaur ere, erantzun dute eta 50 inguru lagun izan dira Martuteneke espetxean, tartean, Errenteria-Oreretako Bilduko zenbait kide, Julen Mendoza alkatea kasu, eta Eleak mugimenduko Txerra Bolinaga eta Jose Luis Maritxalar.
Guztiek nabarmendu dute babesa ematera joan direla gaur goizean Martutenera. Bolinagak gogorarazi duenez, gaur bukatzen zitzaion bere burua aurkezteko epea, eta berarekin egon nahi izan dutela esan du momentu horretan ere, “euren babesa eta elkartasuna” adieraztera.
Mendozaren arabera, babesa ematearekin batera, salatzera joan dira, eta zentzu horretan, horrelako jardunek “bertan behera” geratu behar dutela nabarmendu du.
Ildo beretik hitz egin du Maritxalarrek, Errenteria-Oreretako Eleak-eko kideak, eta era berean, “aurretik egon den testuingurua gainditzeko nahia” baieztatu nahi izan dutela esan du. “Bide berri bat eraiki nahi dugu, eta gazteak kartzelan sartuta hori ezin da lortu. Gazteak kanpoan egon behar dute; herri hau eraikitzeko gazteek ezin dute kartzelan egon”.