Lan eskubideak murriztu dizkietelako eta uztailean lan hitzarmena bukatuko zaielako lanuztea egin dute gaur, 13:00etatik 15:00etara, Pasaiako Portu Agintaritzan ordezkaritza zabalena duten sindikatuetako ordezkariek, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek, alegia. Agintaritzaren eraikin nagusian itxialdia egin dute, protesta moduan.
Portuko langileen arabera, murrizketa guztiekin bukatzea eskatu dute gaurko mobilizazioarekin, eta aldi berean, Pasaiako eta Bilboko portuen kudeaketa euskal erakundeek har dezatela, “euskal portuen lan hitzarmena gauzatu ahal izateko”. Horrekin batera, Pasaiako portuaren bideragarritasun plana eskatu dute, “bertako lanpostu guztiak mantentzeko eta merkataritza jarduerak biziberritzeko”.