Hezkuntza sailari Muliaten zentro berri bat eraikitzeko eskatuko diote
Aurtengo matrikulazio garaia bukatuta, jasotako datuak eta aurreko urteetakoak bateratu eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailera eramango dituzte, herrian hezkuntza zentro berri bat eraiki dezan eskatzeko. Hala jakinarazi zuen atzo Txomin Sagarzazu Hondarribiko Udaleko Hezkuntza zinegotziak, 2013ko arloko aurrekontuaz mintzatzeko komunikabideekin izandako agerraldian.
OARSO BIDASOKO HITZA-ren galderari erantzunez, azken urteetan haurrak matrikulatu ezinda geratu direla onartu zuen Sagarzazuk eta arazoa ez dela Talaiakoa bakarrik, beste eskoletan ere gainezka daudela baieztatu zuen: “Herriko zentroetako zuzendariekin elkartu garenean agertu da Hondarribian eskaintzen diren plazak bete egiten direla, ikastetxe guztietan, eta aurreko ikasturteetan haur batzuk plazarik gabe geratu dira”.
Matrikulazio datuak bildu eta Hezkuntza sailara bideratuko dituztela esan zuen zinegotziak: “Adostu genuen aurreko urteetako datuak ondo jasoko genituela, eta bukatu berri den aurtengo matrikulazioaldikoak jasoko genituela, elkarrekin partekatu, ikusi herri moduan dugun joera nondik nora doan eta gerora Hezkuntza sailera jo”.
Jaurlaritzari, udalak Muliaten duen orubea eskainiko diote, Jostaldi pilotalekuaren eta babes ofizialeko etxebizitzen artean dagoena —bertan eskola eraikitzeko onartuta dago—, “baina onartu eta proiektua prestatu Hezkuntza sailaren ardura da”. Udalak proiektua bultzatzeko asmoa duela gehitu zuen Sagarzazuk baina, “nik dakidala, Henkuntza sailarekin bilerarik ez da oraindik egon”.
Ia 700.000 euroko aurrekontua
Hezkuntza departamentuak 666.835 euroko aurrekontua izango du aurten, iazkoarekin alderatuta, %2,8 gehiago. Sagarzazuk azaldu zuenez, “Talaiako Lehen Hezkuntzako zentroen mantenua eta zaintza burutu, eskolaz kanpoko programak eguneratu eta Ordezkatze Organo Gorenan —lehengo Eskola Kontseilua— parte hartu”, horiek dira udalaren ardurak hezkuntza arloan. Aurrekontuaren puskarik handiena lehen atalak hartzen du, mantenu eta zaintza (608.196). Gainontzekoarekin, udal programak finantzatu eta zenbait diru-laguntza banatzen dituzte, helduen hezkuntzarekin eta 0-3 urteko gelekin lotutakoak.
Sagarzazuren ustez, udal programek garrantzia handia dute eta, argitu zuenez, une honetan horiek aztertzen ari direla herriko hezkuntza zentroetako zuzendariekin. Besteak beste, igeriketa programa, Tinko euskarazko zine programa, eta Musika Eskolarekin egiten diren kontzertu didaktikoak nabarmendu zituen zinegotziak.
Aurrekontuan sartu ez badute ere —iazko balantzea itxi arte ezingo dute egin—, 130.000 euro aurreikusten ditu Hezkuntza departamentuak inbertsioen atalean, Satarka eta Biterin hobekuntzak egiteko.