Txomin Sagarzazu, gaur goizeko agerraldian
Hondarribiko Gazte Asanbladak Puntaleko eskola zaharreko areto bat erabili ahal izango du, bere jardueretako. Hala jakinarazi du gaur goizean Txomin Sagarzazu zinegotziak, Hezkuntza, Gazteria eta Prebentzio departamentuko aurrekontuen aurkezpena egiteko agerraldian. Sagarzazuk onartu du Gazte Asanbladak aspaldi egin ziela lokal baten eskaera. “Udalarekin hitzegiteko nolabaiteko hornidura legala behar zutela esan genien eta halaxe egin dute. Gaztetxe bat egiteko eskaera egin ziguten eta guk erantzun genien, udal instalazioak genituen neurrian, saiatuko ginela egokitzen beren eskaera horri. Une honetan Puntaleko eskolari beste erabilera batzuk emateko asmoa dago eta beste departamentu batzuetako aurrekontuetan sartuta dago. Emeki elkarteak eta Caritasek egiten duten lana egin ahal izateko eskaintza egin da, eta Gazte Asanbladakoei lokal horietatik bat eskainiko diegu, beti ere, hori esana diegu eta uste dut horretan gaudela, baldin eta ekintzen programazio bat udalarekin adosten badute. Beren jarduera badute, noski, baina bestetik udalari jakinarazi behar diote zein den urteko jardun hori”.
Gaztetxe baterako lokala eskatzeko hainbat bider elkartu da Gazte Asanblada udal ordezkariekin. Orain arteko hitzorduek ez dute fruitu zehatzik eman eta, horregatik, gazteek sorpresa agertu dute Oarso Bidasoko Hitzaren deia jaso dutenean, ez baitzuten udalaren erabakiaren berririk. “Egia da lokal hori eskatu izan dugula baina iraileko jaietatik ez dugu harremanik izan udalarekin eta ez genekien ezer, ez digute ezer ofizialki jakinarazi. Esan ziguten bi elkarte zeudela lehenago eta horiena gauzatu eta gero aztertuko zutela gure eskaera, baina hortik aurrera gehiago ez”, esan du Xabi Bengoetxea Gazte Asanbladako kideak.
Auzolanerako eskaintza
Nolanahi ere, Bengoetxea pozik agertu da Sagarzazuren aurrerapena baieztatzen bada, “are gehiago eskolako aretoak herriko beste elkarteekin partekatzen badira, hori baita guk nahi genuena”. Hori bai, lehenago obra batzuk egin behar dituztela esan du Sagarzazuk eta, dirudienez, azken asteetako euriek kalte handia eragin diote teilatu zaharkituari eta “agian egitura obrak egin beharko dira”. Atertzen duenean aztertuko dute zer lan egin behar diren eta noiz has daitezkeen Emeki, Caritas eta Gazte Asanblada Puntaleko eskola zaharra erabiltzen.
Hala, udal langileek teilatua konpontzeko lanak egin eta gero, barruko lanetarako auzolana proposatuko luketeela esan du Bengoetxeak. “Gure filosofia auzolana da eta prest egongo ginateke beste bi elkarte horiekin hitzegin, euren beharrak ezagutu eta auzolanean lokalak prestatzeko, ez bakarrik guri utziko liguketeena, baita beraien lokalak prestatzen laguntzeko ere”.